argia.eus
INPRIMATU
Arantza eta loreak indarkeria matxistaren aurkako udaberrian
  • Jaietako protokoloak, autodefentsa feminista ekimenak, kontzientziazio kanpainak…, udarekin batera, urte guztian zehar lantzen diren eraso sexisten aurkako kanpainak azaleratzen ari dira aurten ere. Hau ez da bat-batean ernatzen den lorea, urtez urte landatutako eta ondo elikatutako haziaren loratzea baizik.

Emakumeen Mundu Martxa @emakumemartxa 2018ko abuztuaren 31
Urrian Bilbon egingo den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketen berri emateko prentsaurrekoa

Tamalez, bortizkeria matxistaren espresio anitzek ez dute etenik. Eta jada gordina den biolentzia honi, komunikabide askotako informazioaren trataera arduragabea gehitzen zaio: emakumeen jokabidea epaitzen, emakumeak biktima irudiarekin erabat lotzen edota morboan sakontzen. Batzuetan, ez dago garbi hainbat tertuliek jendartea sentsibilizatzeko eragina duten, edo beldurraren diskurtsoa indartu eta erasotzaileentzat patroi berriak sortzen dituzten. Zenbat talde bortxaketa gertatu dira estatu mailan Sanferminetako gertakari nazkagarri hartatik?

Testuinguru honetan Euskal Herriko Emakume Mundu Martxatik (EMM) hausnarketarako hainbat ideia eta galdera plazaratu nahi ditugu. Mugimendu Feministaren barruan indarkeria sexistaren aurrean zabaltzen ari diren erantzun moldeen inguruko analisi bat egiteko premia dugu, aurrerantzean tentuz osatu beharko dena kolektiboki.

Feminismoaren mobilizatzeko muskulua argi ikusi dugu aurten. Mugimendu Feministak jendartearen pultsioa mugiarazten dabil aspalditik, neoliberalismo harrapariaren kritika erradikala eginez, sistema patriarkalari maskara erauzi eta artikulazio politikorako duen trebezia erabilita. Zalantzarik gabe, aurtengo Martxoak 8ak, pilatutako amorru kolektibo sakon baten trakzioa jo du, eta borborrean zegoen ezinegon komun bat elkarrekin gorpuztera eraman gaitu. Amildegiaren aurrean, balazta tinko zapaldu genuen greba feministan.

Hala ere, makinaria heteropatriarkal txikitzaileak aurrera darrai, biolentzia matxistaren lanabesaren laguntzarekin. Feminismoak erruz azaldu duenez, bortizkeri hau ezin da isolaturik ematen den tragediatzat irakurri, edo gizon gaiztoen bizkar utzi, oso errotuta dagoen egitura delako. Hau da, biolentzia matxista sistemaren pilare nagusietan birsortzen eta baliotzen da, alegia: estatuan, komunikabideetan, familietan, lan merkatuan etab.

La Manadaren auzia adibide harturik, bost basapiztiak egindako salbuespenezko gertakari moduan aurkeztu zaigun arren, eguneroko ogiaren ogi-puska besterik ez da. Eman zaion erantzuna bai, guztiz aparta izan da. Berdintasunean bizi omen den belaunaldi oso baten iruzurra biluztu baitu Iruñeako portale zein auzitegian gertatutako bortxaketak. Kaleek (fisiko zein birtualek) dar-dar egin dute #HauEzDaJustizia edo #AutodefentsaFeminista garrasiekin.

Uholde honek feminismoan zabaltzen ari diren parte hartze, mobilizazio zein aktibismo joerak aztertzeko elementu interesgarriak eskaintzen ditu: erantzunen bat-batekotasuna, medio eta sare sozialek elikatutako  fenomenoak edo bertako Mugimendu Feminista aintzat hartu gabe egiten diren deialdi anonimoak, kasu. Badirudi herritarren suminduratik ateratzen diren iniziatibak, sareen laguntzaz, antolatutako kolektiboen bitartekaritzatik aldentzeko joera dutela. Horrek antolatutako feminismoek egoera aztertu, diskurtsoa zehaztu eta proposamenak egiteko margena murrizten du. Masa gainezkaldi hauek, desartikulatuagoak izanik, erabilgarriagoak ere izan litezke sistemarentzat. Adibidez, Espainiako estatua deriba autoritarioan dagoen une honetan, eta espetxearen lekua indartu nahi duenean, saiatuko da feminismoa xurgatzen jarrera punitibistak errotzeko? Horrek feminismoaren potentzial politikoaren hustea ekar lezake? Adi egon beharko gara.

“Une puntualen indarra vs. Eguneroko giharra” tentsioa nabarmena da. Eta biak ala biak behar ditugu. Unekako olatuek aukera ematen digute kolektibitate berriak osatzeko, beto mediatikoa gainditu eta gure lengoai zein ikuskerak jendarteratzeko. Baina sakoneko aldaketak bultzatzeko Mugimendu Feministaren koordinazio eta inurri lan iraunkorra beharrezkoa da ere.

Bitxia da horrelako fenomeno masiboen ondoan, beste biolentzia batzuk nahiko oharkabean mantentzea. Erailketa matxistek, esaterako, Euskal Herriko hiriburuetan 50 lagun bildu ohi dituzte elkarretaratzetan, kasu onenetan.  Zergatik da horrela erailketa biolentzia matxistaren muturreko adierazpena baldin bada? Badirudi erailketa matxistak gure egunerokotasunean integratu ditugula eta akatzen dituzten emakumeen zenbakiak ez gaituztela txunditzen. Hau hainbat galdera sortzen zaizkigu, beraz: Feminizidioa normalizatu dugu? Edo, hainbat erantzun molde zaharkitu dira? Sareetako kanpaina biralak talde feministen deialdiak baino gehiago entzuten dira?

Bestalde, mobilizazio grina desberdina izan ei da, erasotua nor den. Orain bi hilabete La Manadaren behin-behineko sententziaren egunetik gutxira, Huelvako marrubi ustiapen landetan langile diren emakume marokoarrak sistematikoki jasaten dituzten irainen, xantaien eta bortxaketen berri izan genuen. Kasu honetan baina, gutxiago mobilizatu ginen. Honek agerian uzten du mugimendu feminista intersekzionalitatea eremu diskurtsiboan aldarrikatu  baino gehiago, eremu praktikoan gauzatzeko beharra dugula oraindik. Zein emakumeengatik mugitzen ari da feminismoa? Ze bizitzak inportatzen gaituzte beste batzuk baino gehiago?  Galdera hauei erantzuna emateko erronka mahai gainean da, eta horretarako ezinbestekoa da feminista zurien pribilegioen hausnarketa eta errebisio kolektibo bat egitea, feminismo erradikal bat eraikiko badugu.

Parean ditugun desafioei heltzeko prozesua abiatu dugu EMMan. Batetik, indarkeriaren kontzeptua zabaldu dugu  eta sistema arteko indarkeriaren marko diskurtsiboa definitzen hasi gara. Emakumeen artean zaurgarritasun maila desberdinak daude indarkeriarekiko eta era desberdinetan adierazten dira gure gorputzetan. Kontzepzio berritu honek, laguntzen gaitu ezberdintasun horiek agertzen, praktika berrien inguruko idei trukeak emateko. Honen harira, lanketa bereziak egiten ari gara kolektibo batzuekin: aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume etorkinak edota emakume gazteekin besteak beste; askotan ikusten ez ditugun bortxa bizipenak  jasotzeko.

Horrekin batera, 2013tik EMMek martxan duen erailketa matxisten aurkako protokoloa biziberritzeko (bizi proiektua Euskal Herrian daukan emakume bat erailtzen duten bakoitzean eta 24ordura Euskal Herriko hiri eta herrietan askotan elkarretaratzeak deitzen dituena) eta erantzun moldeak berrikusteko espazioak ireki dira herriz herri. Argi geratu da errutina gainditzeko borroka eredu berriak behar ditugula, emozioei, gorpuzkerari, memoriari eta sormenari bide emango diotenak. Prozesu honek aliantzak indartzeko helburua du ere;  askotariko indarkeriei aurre egiteko erantzun anitzak eta artikulatuak behar ditugulako, eta horretarako, elkarlana. 

Indarkeria sexistaren aurkako borroka ez da gauetik egunera ernatu den lorea, horregatik EMMtik eskerrak ematen dizkiegu azken hamarkadetan borroka hau eutsi duten talde eta kide feministei, baita borroka hau bere egin duten herri eragile, zein aktore sozial eta politiko guztiei ere. Argi dugu erasoen aurkako borrokan autodefentsa feminista eta Mugimendu Feministaren lidergotza (inoren kooptaziorik onartuko ez duena) bizkar-muina izaten segitzen duela. Gaua luzea da oraindik, baina lorez, antortxaz eta elkartasun sarez argitzen ari gara!!!