argia.eus
INPRIMATU
Arantxa Tapiak “lehentasunezkotzat” dauka AHT... eta Idoia Mendiak?
  • Abiadura Handiko Trena “estrategikoa” dela berretsi du Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak. Gobernuko bazkide den PSE-EEko lehendakari Idoia Mendiak ere ekonomia suspertzeko garrantzitsu ikusi du, “baina” garai hauetan dirua “gaizki pasatzen ari direnengana” iristea ere derrigorrezkotzat dauka.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko apirilaren 20a
(Argazkia: EiTB)

Euskal “Y” delakoaren obrak kasik etenik gabe ari dira martxan zati ugaritan, COVID-19ak sorturiko arriskuagatik beste enpresa askok itxi egin duten bitartean. Eusko Jaurlaritzak lehen lerroan jarri ditu berriz ere AHTko obrak, eta Espainiako Gobernuko lehendakari-orde Teresa Riberarekin biltzeko Arantxa Tapia izango da ordezkaria.

Koronabirusari aurre egiteko konfinamendutik nola atera hitz egingo dute bilera horretan, baina hori bakarrik ez, Tapiak Onda Vasca irratian beste behin adierazi du Urkulluren exekutiboarentzat Abiadura Handiko Trena eraikitzea “lehentasunezkoa” dela, Europak ere “estrategikotzat” duelako, agerian utziz deseskalada-ren eta aurrekontuen negoziazioetan funtsezko gaia izan litekeela.

Horri buruz galdetu diote Idoia Mendiari Euskadi Irratian. PSE-EEren lehendakariaren esanetan AHT “gure herriaren lehiakortasunerako ona da”, eta sektore ekonomikorako ere bai, “obra publikoa mugitzen” duelako. Baina ondoren nabardura egin du: “Lehentasunak jarri behar dira aurrekontuetan, eta dirua atera behar da txarto pasatzen ari direnei laguntzeko, baita osasun sistema indartzeko ere”, adierazi du, eta honakoa gaineratu: “Behar berriak sortu dira COVID-19aren krisiarekin”.

Hain justu, Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak eskaera bateratua egin du berrikitan, obra horietan gastatuko den dirua osasungintzan inbertitzeko, eta ez “alferrikako azpiegituretan”.