argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo putre funts batek etxetik botako du kaltetuen bozeramalea
  • Etxea uzteko hilabeteko epea eman dio putre funtsak bere familiari. Mejiasek uste du EMVSk Saldutako Etxebizitzek Kaltetukoen bozeramaile izateagatik kaleratuko dutela.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 07a
Arantxa Mejiasek uste du egoerari aurre egin izanagatik mendekua dela bere familia etxetik botatzea. [Argazkia: El Plural]

“Ia 70.000 euro ordaindu ostean, alde egin beharrean gaude”. Haserre mintzatu da EMVSk Saldutako Etxebizitzek Kaltetutakoen elkarteko bozeramaile Arantxa Mejias eldiario.es atariari eskainitako elkarrizketan. Blackstone multinazionalaren Espainiako adarrak hilabeteko epea eman dio Mejiasen familiari etxea uzteko.

Hamar urteko alokairu kontratua sinatu zuen Mejiasen familiak Madrilgo udalarekin. Hala, kontratua amaitzean etxea jabetzan erosiko zuen familiak, baina 2013an Ana Botellaren gobernuak Blackstoneri saldu zizkion kontratu mota horrekin sinatutako 1.860 etxeak. Erabaki horren aurkako plataforma sortu zuten zenbait familiak, eta bozeramaile postua bere gain hartu zuen Mejiasek. Hain justu, horregatik kaleratuko dutela uste du: “Errepresalia gisa botako gaituzte etxetik, eraso pertsonala da”.

Blackstoneren Espainiako adarrak, Fiderek, ez dio azalpenik eman: “Saiatu ginen negoziatzen, baina alferrik. Ez ordaintzeagatik kaleratu dituzte jada familia batzuk”. Mejiasen arabera, “banekien Goliaten aurka borrokatzen ari nintzela, baina lau lagunek bulego batean horrenbeste familiaren bizitza izorratzea ezin nuen onartu”.

Mejiasek uste du Madrilgo udaleko aurreko gobernua dela egoeraren erantzule nagusia: “Gozoki bat eskaini zien putre funtsei, eta haiek hartu egin zuten”. Garai hartan Madrilgo udaletxeko agintari zirenek duten zigorgabetasuna salatu du.

Azaldu du 2015eko maiatzean osatutako udal gobenuak laguntza juridikoa eskaini diela, etxebizitza alternatibo batez gain. Ontzat jo du oraingo udal batzordearen laguntza, baina “azkenaldian lo hartzen ari direla” ohartarazi du: “Arazo larritzat jo zuten, baita alkateak ere. Ulertzen dugu kasua patxadaz aztertu nahi izatea, baina egoera honek erabaki azkarrak eskatzen ditu”.