argia.eus
INPRIMATU
Arantxa Echevarría bilbotarraren ‘Carmen y Lola’ filma Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian
  • Arantxa Echevarría zuzendari bilbotarraren Carmen y Lola filma aukeratu dute Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian. Hiri horretako zine festibal handiaren paraleloan egiten den festibala da, hedabideen arreta bereganatzen duen jaialditik independentea eta apustu zinematografiko berrien alde egiten duena.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 18a
Bi neska ijitoren maitasuna da filmaren ardatza.

Echevarríaren filmak bi neska ijitoren arteko maitasun-harremana kontatu du. Bere lehenbiziko filma da, aurrekontu txikiko lana, baina hala ere Canneseko Zuzendarien Hamabostaldiaren arreta deitzea lortu duena.

Profesionalak ez diren aktoreekin errodatu du Carmen y Lola: Rosy Rodríguez, Zaira Morales eta Borja Moreno dira protagonistak eta zuzendariak Deiari azaldu dionez, hautu horrek asko zaildu du kastineko lana.

Egunkari batean ikusitako albisteak eman zion filmarentzat abiapuntua: bi neska ijitoren arteko lehenbiziko ezkontzaren berri ematen zuen notiziak eta harritu egin zen, hori albiste izan zitekeela ikusita. “Gainera, erreparatu nuen biak bizkarrez agertzen zirela eta beraienak ez ziren izenekin”, azaldu du. “Pentsatu nuen gogoa neukala film bat egiteko kultura bati buruz non homosexualitatea tabua den eta emakume izatea ez den batere erraza”.

1991tik ikus-entzunezkoen munduan lanean ari da Echevarría, zeina, bilbotarra izan arren, Madrilen bizi den duela zenbait urtetik. Panchito izeneko film laburrarekin hasi zuen zuzendari ibilbidea 2010ean eta geroztik beste bost labur egin ditu, Goya sarietarako izendapena lortu zuten pare bat tartean –De noche y de pronto (2013) eta Yo presidenta (2015)–.