argia.eus
INPRIMATU
Aranetatarrak

Mikel Aramendi 2024ko apirilaren 30
Liza Araneta Marcos, Ferdinand Marcos Jr.-en emaztea ezkerrean. Alboan du bere senarra eta ondoren AEBetako presidentea eta haren emaztea. Argazkia: Etxe Zuria / Cameron Smith.

Kronika arrosa deitu ohi denaz mozorrotuta etor daiteke nazioarteko goi-politika, batzuetan. Mundu mailako gorabehera larriak izan daitezkeen gorabeherak ere bai. Edo historiaren kondentsatu trinko-trinkoa. Hara.

Amerikako Estatu Batuekiko eta Japoniarekiko aliantza estutu ahala Txinarekiko itsas-tirabirak -guztiz deliberatuki- mintzen ari den Marcosen gobernua, aldi berean, ika-mika gero eta garratzagoan murgiltzen ari da etxean, Filipinetan. Haren protagonistak, bi emakume: lehen dama, Marcosen emaztea, alde batetik; eta Sara Duterte presidenteordea bestetik.

“Emakume arteko kalapita” ganoragabea izango litzatekeela aditzera emanez gutxietsi nahi izan dute batzuek. Bejondeiela gizonkeria. Protagonistek, ordea, adierazi dute jada elkarren arteko feeling eskasarekin zerikusi gutxi edo batere ez duela sesioak. Eta beraiek ezer gutxi argitu dutenez, behatzaileek berehala ondorioztatu dute -nahiko zuzen, nik uste- Txinarekiko harremanen korapilo gero eta bihurriagoa dabilela tartean.

Beste saihets batzuetatik ere bistakoa baita 2022ko hauteskundeetarako aliantza, Ferdinand “Bongbong” Marcos Jr. presidentetzara, eta Sara Duterte presidenteordetzara helarazi zituena, iraganeko kontua dela. Zio nagusia, Txinarekiko harremanak, jakina.

Filipinetako emakume ahaltsuenen arteko liskarra bataren senarraren eta bestearen aitaren arteko proxy war politikoa dela iriztea, haatik, sinplekeria barkaezina litzateke. Utz dezagun beste baterako Sara Duterteren, haren aita Rodrigoren eta haien klan guztiaren, eta familia politikoaren araketa. Bongbong Marcosen emaztea “Liza” Araneta da.

Filipinetako oligarkiaren rankingaren goren-gorenean dago Araneta familia, espainiar kolonialismoaren garaietatik. Gaur egun hainbat adar, ahaltsuak guztiak, dituen leinua Ilocoseko jaun eta jabeak direla esatea gutxi esatea da, haien negozioak eta itzala beste bazter askotara heltzen baitira. Ezkontza bat baino gehiago tarteko, Marcos familiarekin josita daude jada. Eta alfer-fama guztiz merezia duen Bongbongen etxean nork agintzen duen inork ez du zalantza egiten; haren bulegoan ere Lizak agintzen duela ukatzera atera behar izan zuen senarrak; ez dakit inork sinetsi zion.

Elizaldetarrak edo ynchaustitarrak bezala, nolabaiteko euskal jatorria dute aranetatarrek. Eta askaziaren eskasia, deituraren aldarrikapen oparoarekin enpaztu ohi dute beti. Egia da euskal jatorria ez dutela ahaztu, baina egia da, halaber, Filipinetan bezala, eskuin muturreko politikekin identifikatu ohi direla gurean ere beti. 1936ko gerra, adibidez.

Txinarekiko harremanetan Liza Aranetaren ikuskera zein izan daitekeen aise asma daiteke.