argia.eus
INPRIMATU
Aranalde eta Atorrasagasti iheslariak aske geratuko dira
  • Frantziako poliziak atzo atxilotu zituen Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti iheslariak aske geratuko dira, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Epaiketa egin arte –datarik ez dute jakinarazi oraindik– utzi dituzte libre.

ARGIA @argia 2013ko ekainaren 25
Atxiloketak salatzeko Hendaian egindako elkarretaratzea (Argazkia: Tala / Kazeta.info)

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) kideak dira biak: Jokin Aranalde Heletan atxilotu du Frantziako poliziak, eta Beñat Atorrasagasti Urruñan. Ekainaren 13an mintzakide taldea aurkeztu zuen kolektiboak, eta ordezkarietako bat da Aranalde. Ekainaren 15ean Miarritzen egindako ekitaldian parte hartu zuten.

Albiste agentziek zabaldu dutenez, "ETAko kidea" izatea leporatzen diote Aranalderi.

Beñat Atorrasagasti lesakarra, bestalde, iazko uztailean atxilotu zuten Eskozian, Edinburgon, 1996 eta 2001. urteen artean ETArentzat garraio lanak egitea egotzita. Otsailaren 25ean askatu zuten, Parisko Auzitegiaren aginduz, egotzitako delituak aspaldikoak zirelako.

Espainiako poliziaren laguntzarekin egin dituzte bi atxiloketak gendarmeek.

Pernando Barrenak Sorturen izenean adierazi duenez, "Frantziako Gobernuak erantzun tamalgarria eman dio iheslariek konponbidearen alde erakutsitako prestutasunari". Dioenez, agerian geratu da Frantzia Espainiaren ildo beretik doala: "Frantziak, Espainiak egin bezala, Aieteko Bake Konferentziak eta ETAren erabakiak irekitako konponbiderako aukerei muzin egiten die eta nahiago du errepresio eta sufrimenduaren gurpil zoroaren eskeman jarraitu gatazka politikoan dituen erantzukizunak ezkutatu nahian".

Bestalde, EH Bai koalizioak esan du atxiloketak ez doazela zentzu onean: "Estatuek errepresioarekin bukatu behar dute, eta elkarrizketak ireki behar dituzte". Iheslari Politikoen Kolektiboak bihar emango du atxiloketen inguruko prentsaurrekoa.