argia.eus
INPRIMATU
Aramaioko Izenbakuek taldea garaile Arabako bertso Kuadrilla artekoan
  • Urriaren 10ean Murgiako Palatu kirol eremuan burutu da 2020ko Kuadrillarteko finala. Aramaioko "Izenbakuek", Gasteizko "Sumendiola bete poto" eta Aramaioko "Konde basoko iluek" taldeek kantu dute bertan. Izenbakuek taldekoak Manex Agirre, Danel Herrarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategik lortu dute lehen postua.

Bertsozale.eus @bertsozale 2020ko urriaren 12a
Argazkia: Bertsozale.eus.

16:30ean ireki ziren aretoko ateak, Lander Otaola eta Jon Zelaietaran trikiti doinuan joan ziren era mailakatuan sartzen bertsozaleak. Txapelketan zehar parte hartutako talde kontrarioak eta bertso lagunak, taldeen jarraitzale eta kuadrillakoak, nahiz idatzizko modalitatean parte hartutako kideak elkartu ziren finalera sailkatutako "Izenbakuek", "Sumendiola bete poto" eta "Konde basoko iluek" hiruko bertso lehia entzutera. 110 lagun kantxa eta gradan, beharreko segurtasun distantziara lekutuak.

Finalean kantari

Kantuan aritutakoak Sumendiola bete poto taldeko Julen Martiartu, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Maddi Juaristi eta Beñat Garaio izan ziren. Izenbakuek taldekoak Manex Agirre, Danel Herrarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi. Eta azkenik, Konde basoko iluek taldean Xabi Igoa, Paula Amilburu, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi aritu ziren.

Lan puntuagarriak amaituta, epai mahaiko kideen erabakia egina zegoen, Izenbakuek taldea da 2020ko bertso Kuadrilla artekoaren garaile.

Pikondoa sari

Aurtengoan Arabako produktuz osaturiko Kuadrillarteko zakua eraman dute taldeek sari gisa. Finalera heldutako lagunek Unai Gaztelumendiren talde karikatura ederra jaso zuten eta irabazleek Arabako bertsoak bezala sustraiak errotzen joango den Ficus landare bat.

200 lagunetik gorak hartu dute parte Kuadrilla artekoan

Bat-bateko 12 talde eta idatzizko modalitatean 12 talde aritu dira aurtengo taldekako txapelketa honetan, denera 200 lagunetik gora. Urtarrilean eman zitzaion hasiera eta martxotik irailera geldialdia egin zuen. 12 saio eta 3 finalaurreko egin ditu guztira.