Aramaion jokatu zen martxoaren 7an Arabako Bertso Kuadrilla artekoaren bigarren finalaurrekoa. Aramaioko "Izenbakuek" sailkatu ziren Murgian jokatuko den finalera. Gasteizko "Sumendiola bete poto" taldea izango du aurrean, eta hirugarren talde finalista martxoaren 14an erabakiko da Amurrion.
Giro bikainainean eta umore printzez beteriko saioa izan zen Kuadrillarteko bigarren finalaurrekoan. Aramaioko Sastiñan iragarrita bazegoen ere udaletxean jokatu zen. Pikoteo txiki baten ostean prest ziren bi taldeetako bertsolariak kapelak, gonak eta bestelako zintzilikarioak soinean jantzita, mimoz prestatutako eta halere puntuagarria izango ez zen agurra bertaratuei eskaintzeko.
Aramaioko "Izenbakuek" talderaren izenean Manex Agirre, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Danel Herrarte eta Zalduondoko "Lautadako ahuntzak" taldean Oihane Perea, Markel Yoller, Aitor Najera eta Irati Anda bertsolariak aritu ziren kantuan.
Gai jartzaile lanetan Eli Plazaola aritu zen. Saioa hiru epailek baloratu dute: Egoitz Iradier Lautadako ahuntzak taldearen ordezkaria, Beñat Burgi Aramaioko Izenbakuek taldearen taldearen izenean eta Patxi Aizpurua Arabako Bertsozale Elkerteko epaile gisa.
Talde bakoitzaren agur kolektiboaren ondoren, bertsolariek hainbat ariketa kolektibotan aritu behar izan zuten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka... Entzuleen gozamenerako, umorea nagusi izan zen saio osoan zehar.
Epaimahaiak erabakita Aramaioko taldea arituko da finalean. Sailkatzen den bigarren taldea da; Gasteizko Sumendiola bete poto taldea lehenbiziko finalaurrekoan sailkatu zen eta hirugarren taldea martxoaren 14ko finalaurrekoan sailkatuko da, Amurrioko Kultur Etxean burutuko den saioan.
Finala martxoaren 28an, egun osoko festaren inguruan izango da Murgian. Eguerdian, Palatu kirol eremutik hasita, parte hartu duten taldeak arituko dira kantuan tabernaz taberna. Bazkal ostean finala jokatuko da. Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 edo idatzi araba.sustapena@bertsozale.eus helbidera. Finalerako sarrerak bertan jarriko dira salgai eta Gasteiztik autobusa jarriko da goizean Murgiara joan eta iluntzean bueltatzeko.