Larunbata, hilak 17, Gasteizko Alde Zaharrean aurtengo Kuadrilla artekoaren finala eta jai eguna ospatu zen. Arabar bertso Kuadrillen eguna ere bai, parte izan diren 14 taldeetako lagunak lanerako, bertsotarako eta gozatzeko prest, talde bakoitzak bere hazitxoa jarri zuen eguna borobiltzeko.
Bazkari herrikoian ez zen jana eta edana falta izan, 150 lagun inguru elkartu ziren mahai inguruan. Bazkalostean, batzuk zein taldek irabaziko apustuak egiten eta beste batzuk falta ezin ziren trikiaren doinuan polka, fandango eta biribilketak dantzaten.
Bertsolariak oholtzara igo aurretik, kuadrillartekoaren sintonia, paretetan animo pankartak zintzilik eta irribarre urduri ñimiño bat. Dena prest final handirako, Oier Suarez aurkezlearen ahotsak entzun orduko oholtzaratu zira 11 bertso lagunak, Erreralekor Birizik!, Txandrio eta Ibabeko Bertaran Bilobak taldetako kideak.
Arabar Errioxako Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea Txandriotarrak. Aramaioko Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa Ibabetar Bilobak. Eta Errekaleorreko Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal.
Gai-jartzen Nieves Del Alamo eta epaitzen Mikel Marto, Jon Hidalgo, Josu Olano, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Patxi Aizpurua eta Aitor Jimenez.Hotzak kitatzeko moduko agurrak prestatu
zituzten taldeek Raphaelen “Mi gran noche” doinuan Txandrioarrek edota Ibabeko Bertaren jauntxoari errebeldiaz nola aurre egin zionekoa kontatuz aramaioarrek.
Zortziko txikian eman zioten hasiera saioari, ale ederrak entzun genituen inoiz aterkirik eramaten ez zuen Manex, Sabinen euritakopean zelarik. Jarraian Ruben Sanchez bertsolari neutralak atzeko hiru marrazki bizidunei jarri zizkien bertsoak. Gero, seiko motzean ofizioka Maddi eta Unai furgonetan joan ziren bidaian. Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirren doinuan martxoaren 8ko manian emakumezkoen paperean jarri zituen gai jartzaileak, jubilatuenean edota AHTa pasako den Lautadako nekazarien paperean. Kartzelako lana aurretik puntuka aritu ziren talde denak.
Hotzak hitzak ere izoztuko zituela uste izan bagenuen ere, kartzelako lanak familiako trapu zahar eta sekretu pikaroenek giroa berotu zuten bertsolariek mahai bueltan ardoa zintzurretik barrena sartzen zuten bitartean. Irati Axpe eta Maialen Ballina musikariek lagunduta aritu ziren koplaka.
Epai mahaiko kideen erabakia entzuteko unea heldu zen, Ibabeko Bertaren Bilobak 2018ko bertso Kuadrilla artekoaren garaile.
Opari eta oroigarri gabe ezin zen amaitu aurtengo edizioa ere, sariak ematen arabako bertsogintzan alor ezberdinetan aritzen diren emakumeen ordezkariak, bat-bateko zein idatzizko talde parte hartzaileei made in araba produktuz osatutako otartxoa edota poltsa banatzen. Bertsolari finalistek gainera Kuadrillarteko argazkia jaso zuten oroigarri gisara eta Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa bertsolari garaileek pago bana: Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko dira kimu berriak.
Eguraldiak ez zuen utzi Kuadrilla arteko kamiseta koloretsua luzitzeko parada handirik, akaso 2020an xirak edo termikoak diseinatu behar…