argia.eus
INPRIMATU
Araluce enpresa gauez eta langileak kanporatuz itxi du patronalak
  • Igorreko enpresaren itxiera patronala ostiral goizaldeko 1:00ak inguruan gertatu da, aurreko arratsaldean ia bost orduz enpresa batzordearekin negoziatzen aritu ondoren. Bertan zeuden langileak kanporatu dituzte eta ertzainekin tentsio uneak izan dira geroztik. 141 lagun gelditu dira lanik gabe.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko azaroaren 08a
Ertzainen hesi batek eragozten diete Araluceko langileei planta barrura sartzea (arg.: Araluce bizirik)

Likidatzailea poliziarekin gaueko ordu txikietan azaldu da enpresera, langileek salatu dutenez. "Itxiera patronalaren berri eman eta automatikoki lan harreman oro eteten dela adierazi diete", dio langileen oharrak. EiTBri langile batek azaldu dionez, aldez aurretik ez da inongo abisurik egon.

Hortik aurrera langileak enpresaren atarian bildu dira, barrura sartu ezinik. Salatu dute Ertzaintzaren presentzia "gehiegizkoa" dela eta kate publikoak azaldu duenez poliziak hainbat aldiz kargatu eta tentsio uneak izan dira.

Ostegun arratsaldean bost orduz bilduta egon dira langileak, sindikatuak eta enpresako arduradunak, baina ez dira adostasunera iritsi.

Mondragon Taldeko Batz S. Coop-ek 2016n erosi zuen Igorren automoziorako larrugintzan aritzen den planta eta hainbat murrizketa negoziatu ondoren 2020 arteko hitzarmena sinatu zuten langileek. Baina aurtengo urrian enpresako zuzendaritzak likidazioa iragarri zuen galera ekonomikoak argudiatuta eta 141 familia lanik gabe geratzeko kinkan jarri zituen.

Urriaren 25ean zientoka lagun kalera irten ziren Igorren, lantegia ez ixtea eskatzeko. Langileek amarrua egitea egotzi diote Batz-i eta Araluce lantegia 2016an erosi zuenean ez zuela bere taldean integratzeko helburuz egin: "Hiru urte hauetan inongo momentutan ez da neurririk hartu gaur egungo egoerara ez iristeko".

Goizeko 9:00etatik berriz ere bilduta daude Araluce lantegiaren parean langileak, euren borrokarekin jarraitzeko.