argia.eus
INPRIMATU
Aralarren inguruan “erabaki okerrak” hartu direla uste du Landarlan ingurumen elkarteak
  • Landarlan ingurumen elkarteak Aralarko Natur Parkearen Patronatuaren bileran eta Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarrean hartutako hainbat erabakiren aurka egin du.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2017ko maiatzaren 18a

Natur Parkeko Patronatuko bileran parte hartu zuen Landarlanek eta bertan onartutako 2017rako aurrekontua kritikatu du. "Aurrekontu horrek ez du helbururik ezta beharren justifikaziorik, eta bi pista berri irekitzea aurreikusten dute, horietako bat Enirio-Doniturrieta", azaldu du Landarlanek. Pista hori mankomunitateko lurretan izanik, ingurumen elkartearen ustez ez da "onargarria" patronatuak erabakitzea zer egin lur horietan mankomunitateak bere aurrekontuak onartu aurretik.

Bestalde, Landarlan kexatu egin da ez delako "kopuru zehatzik jarri animalia eta landare basatien jarraipenerako, hori izanik Natur Parkearen helburu nagusienetakoa". Hazik azaldutako mendiko larreetako habitaten kontserbazioa eta kudeaketaren hainbat neurrirekin ados azaldu da elkartea, eta adibide moduan jarri du ganadua baztertzea, erosio arriskua duten lekuetatik, "eragina zuzentzeko, hori izanik pisten eraikuntzaren aurrean gure ustez hartu behar den neurrietakoa. Prest azaldu gara ere Hazirekin elkartu eta gure ekarpenak helarazteko".

Enirio-Aralar Mankomunitateak egindako azken zuzendaritza batzarrari dagokionez, larreen erabilpenaren ordenantzari Landarlanek "kudeaketa hobetzeko asmoz" aurkeztutako hamabi alegazioak atzera bota zirela kritikatu du, erabakia "fundamentuzko justifikaziorik eman gabe" hartu dela esanez. Mankomunitateko zenbait udal ordezkarik bozketan abstenitu egin beharko liratekeela dio Landarlanek, "Enirio-Aralarko larreetan ganadua dutenez eta, ondorioz, interes ekonomiko zuzenak". Bileran Mankomunitateko idazkariak ordezkari horiek abstenitu behar zirela esan zuela adierazi dute Landarlanetik. "Beraz orain arte egindako bozketak zalantzazkoak direla jakinarazten dugu, udal ordezkari batzuk beren interes ekonomikoen alde bozkatu dutelako".

Bestetik, Aranzadi Zientzia Elkarteak pista proiektuaren inguruan hitzaldiak ematea mankomunitatean ez zela aintzat hartu 2017ko aurrekontuan, "ezta aipatu bileran", kritikatu dute ingurumen elkartetik. "Enirio-Aralarko artzain eta abeltzainen interesen arabera soilik kudeatzen ari dira, abeletxea balitz bezala, eta zientziaren irizpideen aurka, udal ordezkari horiek etengabe arduragabe jokatzen ari direla erakutsiz, Aldundiaren babespean", esan dute Landarlanetik, eta gaineratu: "Horrela jarraituz gero, Aralarren kontserbazioan atzerakada handia nabarituko da, eta hori saihesteko change.org plataformakko sinadura bilketan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak".

"Adierazpen askatasunaren alde"

Landarlanek salatu du Lazkaoko Senpereko errotondan jarritako SOS Aralar pankarta desagertu dela, "beste bi pankarta bertan zirelarik". Ingurumen elkartetik azaldu dutenenez, "badirudi gure mezua eta ideiak batzuek ezin dituztela toleratu, baina horrek ez gaitu kikilduko eta natur parkea arriskuan jartzen duten ekintzez herritarrak jakinarazten jarraituko dugu".

Enirio-Aralar kasua 'Elikadura 21' jardunaldietan

Landarlanetik igorritako oharrean apirilaren bukaeran Gasteizen izandako 'Elikadura 21' izeneko jardunaldiak aipatu dituzte, eta bertan Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek Herri-sistema sozioekologikoen gobernantza arriskuan: Enirio-Aralar Mankomuniteko kasua izenburuko azterketaren ondorioak aurkeztu zituztela.

Ondorio horietan jasotako zenbait adierazpen azaldu ditu Landarlanek. Batetik, "herri-interesak abeltzainen interesen aurretik jartzen dituzten taldeek defenditzen dituztela Aralarko ingurumen-interesak gaur", eta besterik "herri-ondarearen biziraupena testuinguru ekologiko, ekonomiko eta sozialetara egokitzearen baitan dagoela, eta Mankomunitateko Zuzendaritza Batzarra ez dela behar bezain bizkorra horretan eta seguraski ez daukala ere sortu diren erronka berrietara egokitzeko gaitasunik". Beste adierazpen bat ere jasotzen du, hau da: "Aralarren presio eta gatazkak egoteak ezinbestekoa egiten duela gobernantzako toki-administrazioen egokitu beharra".

Azterketaren beste ondorio bat ere nabarmendu dute Landarlanetik: "Aurreko mendeetan gertatu den bezala, bakarrik Enirio-Aralarko Mankomunitatearen egokitzapenak gizarteak eskatzen dion funtzio berrietara eta geroz eta handiagoa den erakunde erregional eta europarren interbentzionismora nekazal-eremuaren antolamenduan ahalbidetuko du komunalaren biziraupena bermatzea etorkizunean, hau da, talde-interesak norbanakoen gainetik lehenestea bermatu ahal izatea".

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziarekin ekarri dugu ARGIAra.