Aralar lur publikoa izanik, bere kudeaketa Mankomunitateko 15 udalerrietako erakunde zein erabiltzaileen gain erortzen da, guztion iritziak entzun eta adostasun zabalez iritsi gara honaino. Eta erabilera aipatuta, ekoizpen eta etekin ekonomikoa bilatzen duten artzain zein abeltzainek bezain erabiltzaileak gara kaletar, mendizale, urbanita, ehiztari, turista eta gainontzeko herritarrak ere. Beraz erabakiak denon iritziak bilduta hartu izan dira urte luzez. Ez ahaztu 600 urteko ibilbideaz ari garela, eta errealitate anitz eta konplexu horretan, guztion adostasuna, errespetua eta kontsentsua ezinbesteko tresna eta altxorra osatu dutela.
1994ko apirilaren 26an Parke Natural izendatu zenean lortu zen adostasunean, arriskuan eta galtze bidean zegoen eta dagoen eremu baten kontserbazioak elkartu gintuen, oreka horretatik soilik bermatu genezakeelako ehunka urteetako elkarlanak moldatutako ondare natural preziatua.
Aralarko goi lurrak, baso itxi izatetik egun ezagutzen dugun larre-soro izatera pasa badira, mendeetan gizakiak naturarekin batera egindako eraldaketaren ondorioz izan da. Eta ondare den eremu hori da hain zuzen ere babestu beharrekoa, basoaren galerak eta eremu karstikoaren berezko higaduraz gain, ganaduaren gehiegizko presioak galbidean jartzen duelako.
Presioaz ari garenean, ardi batek edo behi zein behor batek eragiten duena ez da berdina, konparagarria ez den bezala mendizale batek eragiten duena edo txirrindu, motor edo 4X4 batek sortzen duen higadura. Eta horixe da hain zuzen aztertu eta zaindu beharrekoa, Aralarko lur azala desertifikazio prozesu sakon batean sartuta dagoelako azken hamarkada luzeetan. Horregatik dute zientzialariek hainbeste garrantzi eremu hauetako bilakaera neurtu eta diagnosi zein egitamuak proposatzeko garaian. Horrela izan zen 1988ko egitamua lehenik eta gerora 2003koa aurkeztu zirenean, zientzialarien aholkuak funtsezkoak bihurtu ziren norabide jakin batetan eragile guztion artean kontsentsua bilatzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2003ko egitamuan egindako ekarpena ezinbesteko mugarria izan zen, eragileen arteko orekaz aparte, alderdi politikoen aho batasuna eman zelarik. Ezin ahaztu batasun horren aurretik pistak egin nahia ziklikoa izan dela, hamarnaka kilometroko bideak eginak daudelarik. Hegazkinak lur hartzeko eremua eta Lareon Bungalowak ere egin eta negozio turistiko basatia martxan jarri nahi izan zen, filmak grabatzeko ahaleginak …, finean ustiapen ekonomikoa beti presente egon da.
Orain, oreka, kontsentsua, adituen autoritate zientifikoa, pertsonen arteko errespetua, alderdi politikoen hitza eta beste hainbat balore hautsi dira leherketa eta hondeamakinen oldarraldiarekin batera.
PNVren DNAn beti egon da negozio gosea lur azalean, azpian, airean zein itsasoan. Horrela, 2003ko adostasuna indarrean egonagatik, ezkutuan josi du abeltzain zein artzainekin Aranzadik marraztutako printzipioen aurkako estrategia. Ondoren, Mankomunitatean ordezkaritza politikoak ematen ez zion babesa erostera jo zuten, bere Herriko ordezkarien gehiengoaren aurka bozkatzen duen Alkatea lehendakari jarri, eta euren burua eta duintasuna oso merke saldu zuten EH Bilduko hiru kide erosi zituelarik. Eta hor hasi zen ekinaldi berri bat, Aralar eta bere inguruaren haustura ekarri duena.
Oso gogorra izaten ari da hainbat abeltzainen indarkeria jarrera, guztiona den lurra berea balitz bezala jokatuz, mehatxu, deskalifikazio eta jarrera mafiosoak. Goi lurretan eta Natur Parkea izateagatik diru laguntzak jasotzen dituzten artzainak biktimizatuz, Goierriko lantegietan lan egiten duten ukuilurik gabeko abeltzainei pistak zabalduz.
Barkaezina da haustura, gogorragoa oraindik datorren lekutik etortzea, urte askotan defendatu ditugun artzainak erabiliz osatu duten argumentuak ostrukarena egitera garamatza. Alderdiak zatituta, batzuk ohi duten bezala negozioarekin lerrokatuta, beste batzuk barne kontraesanen menpe, disidentzia iritzi aniztasun bilakatu eta betiko printzipioak galduta.
Asko dira gertatutako hausturak, urte asko beharko dira osatuko badira zauri horiek sendatzen, eta artzainek gaztak saldu nahiko dizkigute, abeltzainek haragia, alderdiek botoak eskatuko dizkigute, eta gu gure erosketa ohiturak eta babesak aldatu beharrean aurkituko gara.
Artikulu hau Goierriko Hitzak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.