argia.eus
INPRIMATU
Aralarrek alderditik kanporatu ditu Ezenarro, Basabe eta Erostarbe
  • Aralarrek Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostabe alderditik kanporatu ditu. Hiru legebiltzarkideei bakearen aldeko taldearen alde bozkatzeagatik zigor espedientea zabaldu zien eta zigor hori aztertzeko ardura izan duen Berme Batzordeak atzo jakinarazi zuen bere ebazpena. Ebazpenean, aipatu hiru legebiltzarkideak izan duten jarrera "oso larria" izan dela jaso dute, Aralarreko batzarretan hartutako erabakiak bete ez dituztelako.

2012ko maiatzaren 08a
Erostarbe, Ezenarro eta Basabe (Argazkia: Zuialde herri informazioa)

Erabaki honen ondorioz, hiru parlamentariei alderdian baja administratiboa eman dio Aralarrek eta euren karguak eta legebiltzarreko bozeramaile kargua alderdiaren esku uztera dei egin dituzte. Erostarbe, Ezenarro, eta Basabe ez daude behartuta beraien karguak uztera eta erabaki hori hartuko balute, Dani Maeztu izango litzateke Aralarreko legebiltzarkide bakarra eta beraz, talde mistora igaro beharko luke.

Atzo El Pais egunkariak argitaratutakoaren arabera, Aralarreko zenbait militante ohi gipuzkoarrek Nahia izeneko alderdi berria sortzeko tramiteak hasi dituzte eta Barne Ministerioaren onespena jasotzeko zain daude.