argia.eus
INPRIMATU
Aralarko pisten auzian, Gipuzkoako Diputazioa inputatuak babestu eta herri-akusazioa oztopatzen ari dela salatu dute
  • Eguzki talde ekologistak eta Landarlan elkarteak salatu dutenez, Enirio-Aralarko barrutian 4 kilometro pasako pistaren auziagatik inputaturik dauden Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensioren aurkako aurre-eginbide judiziala babestu ordez, "nahiago izan du berean tematu eta Eguzkik eta Landarlanek natura defendatzeko eta ingurumen-justizia eskatzeko dituzten eskubideak oztopatzen eta eragozten saiatu".

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 22a
'Aralar bizirik! Pista berririk ez!' lelopean mendi-martxa egin zuten pasa den udazkenean / @AralarBizirik

Hedabideetara igorritako prentsa-oharrean, herri-akusazio bilakatu diren bi elkarteok diote Ariztimuño (Mendietako zuzendari eta parke naturalen arduradun nagusia) eta Asensio (Obra Hidraulikoetako egungo zuzendari eta Ingurumen zuzendari izandakoa), ingurumenaren eta natur eremu babestuen zaintza egin behar zutenak izanik, "interes orokorra" bermatu beharko luketela, "baina ez omen da horrela izan eta lurralde-antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik inputatuak daude, Enirio-Aralarko barruti babestuan 4 km pasako pista bat baimendu eta sustatzeagatik".

Salatu dutenez, ordea, "balizko okerra onartu ordez", Gipuzkoako Diputazioak "nahiago izan du berean tematu eta bi elkarteok natura defendatzeko eta ingurumen-justizia eskatzeko dituzten eskubideak oztopatzen eta eragozten saiatu": "Adituei hoberik bururatu ez zaienez, epaitegian uko eginarazteko 20.000 euroko fidantza bat jartzeko eskatu eta ordaindu bitartean guri parte hartzen ez uzteko eskatu zioten epaileari. Epaile instruktoreak ordea astakeriatzat jo zuen, eta balizko gastuei aurre egiteko moduko 4.000 euroko fidantza ezarri zigun. Baina kopuru horri aurre egiteko gai izango ote ginen kezkarekin eta, dirudienez, Foru Aldundiak defentsa gastu altuak dituenez, hain gutxirekin ez konformatzeko erantzun dio epaileari eta fidantza 10.000 eurora igotzeko behintzat, ea horrela gizarte-akusazioa uxatzea lortzen duten".

Diputazioaren jarrera ez ezik, ENBA, EHNE-Gipuzkoa, GEBE edo Baskegur bezalako erakundeen jarduna ere kritikatu dute Eguzkik eta Landarlanek: "Lehen sektoreko talde tradizionalista hauei ametitu nahi ez dutena berriro ere gogorarazi beharko zaie. Enirio-Aralar herri-mendi bat dela, babestua gainera, eta bertan ez dagoela nolanahi jarduterik, eta indarrean dagoen ingurumen arautegiak interes publikoa babesten duela eta edozein interes pribaturen aurretik dagoela".

Prentsa oharra osorik (PDF)