argia.eus
INPRIMATU
Aralarko pisten auzia: iritzi anitz Aranzadik egindako agerrialdiaren inguruan
  • Aralarko parkean egin nahi dituzten pisten eraikuntza bertan behera uzteko eskatu du Aranzadik. EHNE eta ENBA nekazari sindikatuek salatu egin dute elkartearen jarrera, eta sindikatu horiei erantzun die Naturkon Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleak.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 18a

Naturkonen ustez, “zuzenak ez diren argudioak” eman dituzte EHNE eta ENBA sindikatuek “salaketa larri horiek egiteko”.

Sindikatuen esanetan, “Aranzadik adierazi du abeltzaintza estentsiboak ez duela etorkizunik”. Elkarteak esandakotik ondorio hori ateratzea “jokabide interesatua” dela uste du Naturkonek, “Aranzadik argi utzi duena da Aralarren gaur egun bultzatzen den abeltzaintza-eredua ez dela bateragarria natur balioen kontserbazioarekin”.

Aralarren artzaintza desagertuko balitz ez litzatekeela deus ere gertatuko esan du Aranzadik EHNE eta ENBAren ustez. Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleak, aldiz, baieztapen hori gezurra dela esan du, “Aralarrek bere oreka ekologikoa bilatuko zukeela esan du Aranzadik”.

Horrez gain, sindikatuen iritziz “Aranzadiren ikuspuntuak ez du kontutan hartu Aralar mendia Mankomunitatea osatzen duten hamabost Udalena dela”. Naturkonek azaldu duenez, “natur balioen defentsak unibertsala eta derrigorrezkoa beharko luke izan, giza eskubidea den heinean”.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Aralarri buruz duen ezagutza zientifikoa zalantzan jartzea zilegi dela azaldu du Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleak, “baldin eta horretarako argudio zientifikoak erabiltzen badira”.

"Aralarko pistek atzeraezinezko kalte larria eragingo lukete ingurumenean"

Aranzadiren ustez, Aralarko pistak eraikitzeak natura eta gizakiaren arteko oreka suntsituko luke. Horrela azaldu du urtarrilaren 13an Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Batzordean. Eraiki nahi den proiektua ondare naturala babesteko gomendatzen diren ildoen aurkakoa dela esan du Juantxo Agirre elkarteko idazkari nagusiak.

Azaldu duenez, nazioarteko araudietan gomendatzen da natur parkeetan kilometro koadroko 0,6 kilometro pista egotea, eta Aralarren 1,1 kilometro daude: “Artzaintzarekiko oso sentsibilizaturik gaude, indusketak egin eta haren sorrera ere ikertu dugu. Gauden-gaudenean, pistek Aralar urbanizatuko dute. Natur parkea eta orain arte ezagutzen genuen oreka hautsiko dute”.