argia.eus
INPRIMATU
“Aralarko pistek atzeraezinezko kalte larria eragingo lukete ingurumenean”
  • 2002an aurkeztutako txostena berretsi eta Aralarko parkean egin nahi diren bideen eraikuntza bertan behera uzteko eskatu du berriz ere Aranzadi Zientzia Elkarteak. EHNE eta ENBA nekazari sindikatuek kritikatu egin dute Aranzadiren jarrera.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 17a

Pistak eraikitzeak natura eta gizakiaren arteko oreka suntsituko lukeela azaldu du elkarteak urtarrilaren 13an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Batzordean. Eraiki nahi den proiektua ondare naturala babesteko gomendatzen diren ildoen aurkakoa dela esan du Juantxo Agirre Aranzadi elkarteko idazkari nagusiak. Izan ere, Natura 2000 Sarearen barruko Kontserbazio Gune Berezia izendatu zuten 2016an Aralarreko Natur Parkea.

Zehazki, hogei kilometroko luzera izan dezaketen pistak eraikitzeko proposamena onartu dute Gipuzkoako Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak. Instituzio horien asmoa da Aralarren aritzen diren artzainek txaboletara irismen hobea izatea.   

Aranzadik azaldu duenez, Gipuzkoan dagoen ur-erreserba nagusia da Aralar. Ondare naturala babesteko eta errespetatzeko eskatu du elkarteak, eta aurreikusten diren pistek ekarri dezaketen ingurugiroarekiko galeraz ohartzeko. Bere iritziz, “pisten eraikuntza alde batera utzi eta hausnarketa sakona egin behar da”, betiere erakunde publiko guztien parte hartzearekin eta gizarte eragileekin elkarlanean: artzainak, abeltzainak, mendizaleak, biologoak, naturazaleak eta turismo bulegoak, besteak beste.

2002an Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamena berretsi du elkarteak. Orduan azaldu zuenez, nazioarteko araudietan gomendatzen da natur parkeetan kilometro koadroko 0,6 kilometro pista egotea, eta Aralarren 1,1 kilometro daude: “Artzaintzarekiko oso sentsibilizaturik gaude, indusketak egin eta haren sorrera ere ikertu dugu. Eta, aldiz, gauden-gaudenean, pistek Aralar urbanizatuko dute. Natur parkea eta orain arte ezagutzen genuen oreka hautsiko dute”.

"Aranzadik onartezina den alarmismoa piztu du"

EHNE eta ENBA nekazal sindikatuen ustez, "Aranzadiren agerraldian datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak plazaratu ziren". Hori dela eta, azaldu dute ez dutela ulertzen Aranzadik izan dezakeen motibazioa, "erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko". Elkarteari koherentzia eskatu, eta Enirio-Aralarko Mankomunitateak onartu eta Batzar Nagusiek babestutako 2015-2019rako Inbertsio Plangintza errespetatzea nahi luketela adierazi dute.