argia.eus
INPRIMATU
Aralarko abeltzain eta artzainei
  • Ttiki-ttikitatik izan dut artzain izateko ametsa. Aurten nire barruari kasu eginez ardiak erosi ditut. Soldata duin bat emanen balu, bukatuko lirateke bai nire Iruñera lanerako egiten ditudan joan etorriak. Afizioak ofizioa emanen ote du noizbait?

Xabier Maritorena Zubieta 2018ko azaroaren 19a

Aspaldian ohartua nintzen baserri ondoko zelaietan behiek nola inguruak uzten zituzten. Dena patakatua, eta zer erranik ez neguko euriekin bazterrak nola lokazten zituzten. Etxe inguruan ardiak. Alu horiek ez dituzte asun eta astamenda jaten, baino guttienez ez dute zelaia hondatzen. Ardi batek eta behor edo behi batek lurrean egin ditzakeen kalteak ez du zerikusirik.

Osabarekin maiz ibiltzen nintzen. Harekin Saioa mendi inguruko larreetan barna ibiltzen nintzen. “Gaie mendi kaskorat ta kustik behorrak hor diren”. Ez nion sekula aurpegi txarrik jartzen. Gustura mendian gora, arnasestuka anitzetan, baino behorrak hor baziren ni kontent.

Animaliek jatea ez da aski, oreka bat bilatu beharra dago gaurko jana biharko ezerezean bilakatu
nahi ez bada

Osabarekin mendian gora joaten nintzenean, berak deskantsu ttiki bat hartzen zuen bitartean, maiz berdina errepikatzen zidan. “Kusten duzu bide xenda hau? Kusten duzu nola erditik erabat janda dagoen? Moto zikin hoiek xenda guziek hondatzen ai dire”.

Aralarko pisten inguruan sortu den polemika hurbiletik jarraitzen saiatu naiz. Denek izan dezakezue arrazoiaren parte, baino ez zarete elkarri entzuteko gai. Artzaintza eta abeltzaintza, baserri bueltan ibiltzen direnak alegia, larri dabiltza. Kontsumitzaileak merke erosi nahi du eta erriberako esparragoak beharrean Peruko esparragoak merkeago erosi ahal baldin baditu hori eginen du, eta bitartean pentsuaren prezioa gora eta esnearen prezioa behera.

Kontua da bertzean Txindokira joan nintzela, sekulan ibilitako bainintzen. Aralar hain famatua izanik banuen ordu mendi horietan barrena ibiltzeko! Aitortu beharra dut, nahiz eta leku ederra izan ez zidala miresmenik sortu. Tontor (eta ez tontor) guztiak harriz josita daude. “Bazka gutti ditek hemen ardi ta behiek” pentsatu nuen. Ez zait iruditzen behar den oreka dagoenik. Animaliek jatea ez da aski, oreka bat bilatu beharra dago gaurko jana biharko ezerezean bilakatu nahi ez bada.

Eta pisten inguruan… Zuek ikusi pista, funikularra edo autopista egiten duzuen baino pista horiek ez dira etxeko animaliak dituztenek bakarrik erabiliak izanen. Denbora kontua da turista soilek erabiltzen hastea, denbora pasarako. Baztan alde honetan maiz ikusten dira mendietan 4x4 kotxeen markak behar ez liratekeen tokietan. Eta Aralarren ere berdina gertatuko da, ez baldin bada dagoeneko gertatu, pista kanpotik ibiltzen hastea. Kotxe markak ikusi nahi ez dituenak begiak ixtea, bertzerik ez du.

Zuek ikusi pista, funikularra edo autopista egiten duzuen baino pista horiek ez dira etxeko animaliak dituztenek bakarrik erabiliak izanen. Denbora kontua da turista soilek erabiltzen hastea, denbora pasarako

Berriki, Donostian, Aralar pelikula ikustera joan nintzen eta zuei, abeltzain eta artzainei bereziki, ikustea gomendatzen dizuet. Mendia ez da gurea, zuena, abeltzain eta artzainena bakarrik. Aralar bertako landare, erreka, arbola, mendizale, ikerle, akuifero, desagertzear dauden ugatz, sai zuri, miru gorri eta bertze hegaztiena, desagertzear dauden bisoi, muturluze eta bertze ugaztunena eta bertze askorena ere bada. Hain maitea duzuen Aralarren egiten ari zareten kaltea ikusteko ez ahal zarete gai? Uste dut prezio altu bat pagatzeko arrisku handia hartzen ari zaretela.

Bila ezazue denen artean inguruarekiko kalterik sortu gabe eta lanbide duin bat izateko formula, elkarri entzunez dezente ikasiko badituzue.

Nik bitartean ekologista “urde” horietako bati entzun niona praktikan jartzen jarraituko dut: “Ematen duzun mendi buelta bakoitzean beti topatuko duzu zaborra lurrean, aldian bat hartu poltsikora eta gero erreziklatzera bota”. En fin, gizakia. Zein “handiak” garen.