argia.eus
INPRIMATU
Aralar alderdiaren ibilbidea amaitzea proposatu du zuzendaritzak
  • Aralar alderdiak abenduan egingo du VII. kongresua eta zuzendaritzak proposatuko du hor amaitzea 2002an hasitako ibilbidea.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 13a
Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta arduratu dira kongresuan afiliatuei egingo zaien proposamena idazteaz (argazkia: Aralar).

Enekoitz Esnaolak Berrian argitaratu duenez, sorrerako helburuak bete dituela uste du Aralarren zuzendaritza nagusiak. Hortaz, abenduaren 2an egingo den kongresuan afiliatuei proposatuko diete partiduaren ibilbidearekin amaitzea.

“Lekukoa eman eta ibilbide politiko bati amaiera emateko unea” dela dio zuzendaritzak, EH Bildu tresna eraginkortzat joz “Euskal Herrian iraultza sozialerako eta erabakitzeko eskubidearen garapenerako”.

Afiliatuei proposatuko zaien dokumentua Rebeka Ubera alderdiko idazkari nagusia eta Patxi Zabaleta ohorezko presidentea izan dira. Irailaren 4an aurkeztu zioten dokumentua zuzendaritzari eta aho batez onartu zen.

Borroka armatuari buruzko eztabaidatik sortua

ETAren borroka armatuari buruz ezker abertzalean zeuden desadostasunen fruitu izan zen Aralarren sorrera duela 15 urte. Sektore batek “ezker abertzale zibil eta zabala” sortzeko helburuz jarri zuen martxan alderdi berria, “bakea eta giza eskubideak politikagintzaren oinarri bezala aitortzea” xede hartuta.

Patxi Zabaleta izan zen alderdiaren sorreran Aralarren aurpegi ezagunena, baina ezker abertzalean pisu esanguratsua izan zuten beste hainbat lagunek ere babestu zuten hasieran, hala nola, Jose Luis Alvarez “Txillardegi”-k edo Julen Madariagak –Txillardegik 2007an utzi zuen alderdia–.

Bakarka eta koalizioan

2009ko EAEko hauteskunde autonomikoetan lortu zituen alderdiak emaitza onenak: 62.214 boto eta lau eserleku. Nafarroako parlamentuan ere beste hainbeste ordezkari izan zituen 2003ko hauteskunde foralen ondoren, baita hainbat alkatetza garrantzitsu ere –Leitzakoa edo Altsasukoa adibidez–; ondoren , Nafarroa Bai koalizioko kide izan zen.

2011n, ETAk behin betiko armak uzteko atarian, Amaiur koalizioan bat egin zuen Aralarrek EA, Alternatiba eta artean alderdi gisa legeztatu gabe zegoen ezker abertzalearekin. Geroztik, EH Bilduko parte izan da.

Hain zuzen indar politiko horrek azken hilabeteetan egindako berrantolaketaren ondorioz, alderdien koalizioa izatetik berezko afiliatuak dauzkan erakundea izatera pasa da. Abenduaren 2an aurkeztuko den proposamena onartzen bada, Aralarreko kideak EH Bildun independente gisa ariko lirateke.