Funtzio publikoan euskararen erabilera arautzen duen etorkizuneko foru dekretuak ika-mika iturri izaten jarraitzen du Nafarroako Gobernuan. Geroa Baik salatu du dekretu berriarekin gobernua osatzeko akordioa ez dela betetzen.
María Chivite lehendakariak astearte honetan Azkoienen jakinarazi duenez, gobernuko alderdien artean badira adostasun handiagoak dekretuaren inguruan desadostasunak baino, eta eskatu die gainerako alderdiei ez jartzeko begia euskara eta funtzio publikoan bakarrik, gobernua beste alor askotan euskara sustatzen ari delako.
Gaur egun Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra ez datoz bat dekretu berriarekin, eta PSNk dio gobernu akordioa errespetatzen duela, hau sinatu zenean, PSNk garbi utzi zuelako aterako zuen dekretu berriak bat egin behar zuela ebazpen judizialekin.
Dekretu berrian euskarak ez du baliorik izango funtzio publikorako probetan, baina ingelesak, frantsesak edo alemanak izan dezakete baliorik.PSNk urteetan UPNrekin batera eutsi dion jarrera politikoari eusten dio, esanez “eremu ez euskaldunean” euskarak ez duela nahiko presentziarik funtzio publikorako probetan balio izateko gisan. Erabilera soziolinguistikoari begira, ostera, argi dago alemanak edo frantsesak baino askoz gehiago duela, eta haiei aldiz, bai ematen zaie puntuazioa.
Diario de Noticias-en irakurri dugunez, eremu mistoan euskarak bakarrik izango luke balioa herritarrekiko harreta plazetan eta osasun alorrekoetan. Eremu euskaldunean eskaintza publiko guztietan, lekualdatze lehiaketetan edo gorako promozioetan.
Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak gaiaz hitz egin du Euskalerria Irratian eta adierazi du ez daudela batere gustura dekretu berriarekin, baina aurrera egin behar dela, bestela euskararen aldeko arauak ez daudelako indarrean eremu euskaldunean eta mistoan. Eta Chivitek esandakoaren aurka, gobernuan gaiak harremana asko tenkatu duela azaldu du. Hala ere, zehaztu du tentsioa ez dela inolaz ere gobernu apurketa eragiteko modukoa, koalizio gobernu batean aldeek ezinbestean amore eman behar dutelako hainbat gaietan eta honetan, tentsioak tentsio, aurrera egitea lortu dela, batez ere eremu mistoan.