argia.eus
INPRIMATU
Araka uzteko eskatu diote Arabako Batzar Nagusiek Espainiako armadari
  • Arabako Batzar Nagusiek Arakako base militarra uzteko eskatu diote Espainiako Defentsa Ministerioari. Saiakerak egin diren arren, oraingoz ez da ezer konkreturik lortu. Hala Bedi irratian Ruiz de Pinedo soziologoa elkarrizketatu dute, eta ez du aldaketarik aurreikusten: “PP eta PSOEk ez dute armada mailako aldaketarik egiteko asmorik. Politikoki elementu garrantzitsua da beraientzat”.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 05
Hasiera batean tiro praktikak egiteko erabili behar bazuten ere, kanpamentu bilakatu dute.

Armadak dio ezin duela Araka utzi “arrazoi estrategikoengatik”. Horri lotuta, soziologoaren iritziz, interes ekonomikoek Araka saltzera bultza dezakete armada: “Gerta daiteke edozein momentutan Araka inguruan etxebizitza proiektu bat sortzea; beharbada orduan salduko ditu lurrak”.  

Frankismotik datorren auzia

Espainiako indar militarrek XIX. mendean eskuratu zituzten Gasteizko zenbait lur eremu, tartean Araka eta hiriburuko erdialdea. Tiro praktikak eta gisakoak egiteko behar zituzten lur horiek; baina kanpamentu bilakatu dituzte denborarekin. Ordutik, armadak zenbait desjabetze akordio sinatu izan ditu Udalarekin.

Frankismo garaiko hasierako urteetan militarren esku zegoen Gasteizko erdialdea, 50eko hamarkadan etxebizitza proiektu bat jaio zen arte. Udalak lur eremua erosi zion, nahiz eta ezin izan zuen bere osotasunean salmenta prezioaren kargu egin. Ruiz de Pinedok dio gutxi gorabehera %80 ordaindu zuela, armadari Udal zergak (ura, zaborra…) ez kobratzearen truke.

Osteko zenbait Udal Gobernuk akordioarekiko ezadostasuna erakutsi izan dute, bere garaian eginiko operazio horietan zenbait itzalgune antzeman dituztelako. “Armadak errepide, berdegune eta gisakoak egiteko lurrak saldu zituen, doan eman behar zituenean”, dio de Pinedok. “Ondasun higiezinen salmenta diru-iturri garrantzitsua da militarrentzat, horrelako operazioak aurrekontuetan agertzen ez diren arren”, gaineratu du.  

Hemen dago elkarrizketa, entzungai: