Kultur Ondarearen Legean baino ez zen agertzen gaur egun “katalana” hitza. Bestelako testu legal guztietatik hitz hori ezabatzeko lanak hartuak zituen. PPko Gobernuak “ekialdeko hizkuntza” deitzen dio, katalanaren arrasto oro suntsitu nahian.
Vilaweb agerkariak azaldu duenaren arabera, 1999tik indarrean zegoen Kultur Ondarearen Legean baino ez zen agertzen “katalana” hitza hizkuntzari buruz aritzeko. 2014ko abenduaren 31n onartu zuten lege erreformaren ondoren, azken arrastoa galdu da. Honela agertzen da orain Kultur Ondarearen Legean: “Gaztelaniaz gain, Aragoiko hizkuntza berezko, jatorrizko eta historiko dira hizkuntza aragoiarrak, eta hizkuntza modalitate horiek autonomia erkidegoaren iparraldean eta ekialdean mintzatzen dira gehienbat”.
Lege testuetatik ezabatzeaz gain, eskoletan ere sartu dute eskua. Zaragozako Mequinenza herrian, ikasleek jaso dituzten notetan, “katalana ikasgaia” jarri beharrean “ekialdeko hizkuntza” ikasgaia jarri diete. Eskola komunitatea kexatu egin da eta Gobernuak erantzun du akats informatikoa izan dela.
Duela bi urte hasi zuen Aragoiko Gobernuak “katalana” hitza begi bistatik kentzeko bataila eta ordukoak dira hizkuntzen legean sartu zituzten LAPAPYP eta LAPAO ezagunak. LAPAOk Lengua aragonesa propia del área oriental esan nahi du eta “katalana”ren ordez erabili dute. LAPAPYPek berriz, Lengua aragonesa propia de las áreas pirenaica y prepirenaica, esan nahi du eta “aragoiera”ren ordez erabiltzen dute.
Katalanaren eta aragoieraren aldeko herritarrek manifestua sinatu dute Gobernuak hartutako erabakion kontra.