Huescako Pirinioetan dauden Astun, Formigal eta Candanchú eski-estazioak telekabina handi batez lotu nahi ditu –lehenbiziko biak Roya Harana (Canal Roya) zeharkatuta– Aragoiko Gobernuak, baina proiektuaren sustatzaileetako bat den Huescako Diputazioak Formigal-Astun loturari uko egitea erabaki du, ez proiektua begi onez ikusten ez duelako, baizik eta Europar Batasuneko Next Generation laguntzak jaso ahal izateko epeak betetzerik ez duelako.
Horregatik irakurri dugu hainbat hedabidetan "oraingoz" utzi dutela proiektua bertan behera. "Ikusteke dago hilaren 29tik [udal eta diputaziorako hauteskundeen biharamunetik] aurrera zer gertatuko den", dio Paco Iturbek, eragingo lituzkeen ingurumen kalteengatik proiektuaren aurka egin duen Salvemos Canal Roya (Salba dezagun Roya Harana) plataformako kideak, El Salto-k plazaratutako erreportajean irakurri daitekeenez.
Eskiaren promotoreek zortzi kilometroko telekabina berria eraiki nahi dute Roya Haran enblematikoaren gainean, horretarako Next Generation funtsetatik 26 milioi euro gastatuz. Orotara 33 milioi euro jasoko lituzke Diputazioak, zer eta jasangarritasunari lotutako azpiegiturak bultzatzeko. Diru-partida horren puskarik handiena hartu behar zuen Roya Harana zeharkatuko lukeen telekabinak: 37 dorre erraldoi, errepide berriak, aparkalekuak... Orain, Huescako Diputazioko presidente Miguel Graciak (PSOE) eskatu du diru hori bideratua izateko beste proiektu batzuetara.
Aurkako ahotsak
Aragoiko Gobernuak iragarritako mega-proiektuak, Formigal-Astun loturak bereziki, haserrea eragin du ez soilik eragile ekologisten artean; besteak beste, Sabiñanigo eta Jacako udal batzarrek ere haren aurka egin dute, horrelakoetan ohikoa den moduan, alderdi politikoen, Gobernu-Diputazio-Udalen eta enpresarien arteko botere-harremanak azaleratuz.
Aragoiko Gobernuko presidente Javier Lambán-ek (PSOE), Diputazioak diru-partidari uko egin ostean eta hauteskundeak ate joka direnean, adierazi du mendialdeko jendeak eski estazioak batzeko egitasmoa babesten ez badu "aparkatu" egingo dutela, baina alde agertuz gero "sustatu" egingo dutela. "Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatuko den", esan du.
Salvemos Canal Roya eta Aragoiko Mendien Defentsarako plataformako kide Paco Iturberen hitzetan, epeena "aitzakia" besterik ez da: "Duela hiru hilabete kalkulatu zuten denbora nahikoa izango zutela eta orain, aldiz, ezetz esaten dute?". Dioenez, funts hauek ez daude pentsatuak mega-proiektuetara bideratzeko, baldintzak diferenteak lirateke interes orokorreko proiektu izendatuko balute, Aragoiko ordezkari politikoek nahi zutena, hain justu. Kontrara, aurkakoek nahi dute zonaldea babestutako espazio izendatzea, mehatxua betiko desagertu dadin, "tartean behin gisa honetako proiektuak mahai-gaineratzen dituztelako". Greenpeace, SEO/Birdlife eta WWF moduko elkarteek ere maiz eskatu dute Anayet-Partacua Parke Naturala eratzeko.
Greenpeace elkarteko bozeramaile Ricardo Magán-en adierazpenak jaso ditu El País-ek: "Arazoa da Europar Batasunak proiektuak auditatzen dituela dirua jada gastatua denean. Roya Haraneko proiektuari argi berdea eman balitzaio, eta ostean erabaki inbertsioa ez zela egokia, nork itzuliko luke diru hori? Funts publikoak baliatu beharko lirateke". Kasu honetan argi asko zegoen, lagundutako proiektuek ezin dutelako biodibertsitatea kaltetu.