argia.eus
INPRIMATU
Aragoieraren ortografia bateratua osatu eta onartu dute
  • Aragoiko Hizkuntzaren Akademiaren Osoko Bilkuran onartu zuten apirilaren 3an, eta ostegun honetako Aragoiko Aldizkari Ofizialean publikatu dute. UNESCOren arabera, desagertze arrisku larrian dago hizkuntza.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 21
Gaur egun aragoierak 25.500 hiztun inguru ditu, gehienak Pirinioetako eta Aurrepirinioetako eskualdeetan.

Aragoierak badu ortografiaren araudi bateratua. Urtebeteko lanaren ondoren, apirilaren 3an onartu zuen Aragoiko Hizkuntzaren Akademiaren Osoko Bilkurak, eta ostegun honetan egin dute publiko Aragoiko Aldizkari Ofizialean. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan aurrerapen garrantzitsutzat jo du akademiak, eta adierazi du hizkuntzaren komunitateak urte asko egin dituela horren zain.

Arauak adosteko, 2022ko apirilaren 11n sortu zuten Aragoiko Institutuko Grafia Batzordea, Ánchel Conte idazle eta etnografoa presidenteak eta bederatzi partaidek osatuta. Urtebetean, batzordeko 23 saio bi Osoko Bilkura egin dituzte. Orain arte erabili izan dituzten arau ortografikoak 1980ko hamarkadan Francho Nagore hizkuntzalariak bultzatutakoak izan dira. 

Gaur egun aragoierak 25.500 hiztun inguru ditu, gehienak Pirinioetako eta Aurrepirinioetako eskualdeetan: Jazetanian, Gallego Garaian, Somontano de Barbastron, Sobrarben, Ribagorzan eta Plana de Uescan. Ez da hizkuntza ofiziala, nahiz eta zenbait tresna legalek berezko hizkuntza gisa aitortzen duten, esaterako Autonomia Estatutuak edo Aragoiko Hizkuntzen Legeak.