argia.eus
INPRIMATU
Arafati autopsia egiteko prozesua hasi du Suitzako forentse talde batek
  • Martxan da Jassir Arafat buruzagi palestinarraren autopsia egiteko prozesua. Atzo Suitzako forentse talde bat izan zen Palestinako liderraren mausoleoan errekonozimendu bisita egiten. Rafiq Tirawik, Arafaten heriotza ikertzeko batzordeko kideak esan duenez, autopsia egiteko hedabideak ahalik eta urrunen edukitzen saiatuko dira. Oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko diren autopsia egiten.

2012ko azaroaren 06a
Arafaten hilobia zaintzen bi soldadu.

Arafat duela zortzi urte hil zen Frantziako erietxe militar batean. Garai hartako medikuen txostenek ez zuten heriotzaren kausa nagusia zein zen esan eta horrek Arafat pozoituta hil zela pentsatzera eraman zituen palestinarrak. Israelek zerikusirik ez duela izan esan du beti.

Joan den uztailean Al Jazeera kateak egindako ikerketa batek, Arafaten barruko arropak aztertu zituen. Arafat pozoituta hil zela argitaratu zuten. Aditu suitzarrek polonio erradioaktiboa topatu zuten buruzagi palestinarraren jantzietan.

Ondoren, gorpua lurpetik atera zuten, Arafaten emaztearen hasierako desadostasuna gaindituta. Aurtengo udan Suha Arafatek berak eraman zuen kasua Frantziako auzitegietara, hilketa izan zela salatuz.

Aditu suitzarrekin batera ikerlari frantziarrak ere arituko dira autopsia egiten. Arafaten heriotzaren zergatiak jakiteak ikusmin handia sortu du, oraindik palestinarren sinbolo garrantzitsuena izaten jarraitzen baitu.