argia.eus
INPRIMATU
Baieztatuta: Arafat pozoituta hil zuten
  • Yasser Arafat buruzagi palestinarra polonioz pozoituta hil zen haren gorpua aztertu duen forentse talde batek jakitera eman duenez.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 07a
Yasser Arafat pozoituta hil zuten Suitzako ikerlariek diotenez.

Suitzako Lege Medikuntza Zentro Unibertsitarioko zientzialariek aste honetan eman dizkiete azterketaren emaitzak Palestinako Aginte Nazionalari eta Suha Arafat buruzagi palestinarraren alargunari. Polonio arrasto altuak antzeman dituztela diote frogek. Bularraldean eta pelbisaren inguruan aurkitu dituzte polonio mailarik altuenak, normala baino 18 aldiz handiagoak.

Ikerlariek %83ko segurtasunez baieztatu dute Arafat gai erradioaktibo horrekin kutsatuta zegoelako hil zela eta horrenbestez, Al Fatah-ko buruzagia hil egin zutela dioten hipotesiak indartu egin dira.

Hiru ikerlari talde ari dira Arafaten ustezko pozoiketa aztertzen eta Suitzako taldea izan da emaitzak argitaratzen aurrenekoa. Talde horrek Suha Arafaten eskatuta hasi zuen ikerketa. Beste talde bat Frantzian ari da ikerketa egiten eta hirugarren bat Errusian. Frantziakoak ikerketa bere kabuz abiatu du eta Errusiakoak berriz, Palestinako Aginte Nazionalaren eskariz.

Informazio gehiago: Yasser Arafati buruz ARGIAn publikatutako berriak eta multimedia edukiak hari buruzko kanalean.