argia.eus
INPRIMATU
Arabiar Emirerri Batuetan dago Juan Carlos I.a
  • Abuztuaren 3an Espainiatik ihes egin zuenetik, bere kokalekuaren inguruan hainbat espekulazio igorri da. Azkenik Errege Etxetik jakinarazi dute errege emerituaren helmuga.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 18a
Juan Carlos I.a Arabiako Emirerri Batuetan egindako bisita batean. Argazkia: RTVE

Errege Etxeak aditzera eman duenez, Juan Carlos I.a abuztuaren 3an Arabiar Emirerri Batuetara joan zen, eta egun bertan dirau. Errege emerituak berak jakinarazi omen dio Espainiako Errege Etxeari bere kokapena.

Errege emerituak Espainiatik kanpo bizitzeko erabakia argitara atera zuenetik, ez da azalpen ofizial bat bera ere eman haren kokalekuaz. Besterik gabe, Errege Etxeak jakinarazi zuen ez zuela bidaiari buruzko xehetasunik emango, “errege emerituaren erabaki pertsonala” omen zelako. Espainiako Gobernuak ere erabateko isiltasuna mantendu du gaiaren inguruan. Dena den, Espainiako komunikabideetan Dominikar Errepublikara joan zela hartu zen hipotesi nagusitzat, antza denez, filtrazio faltsuetan oinarrituta.

Suitzako eta Espainiako fiskaltzek ustelkeria leporatzen diote borboitarrari, paradisu fiskaletan izan zitzakeen funtsengatik. Suitzako fiskaltzak kontu guztiak enbargatu zizkion, eta sekretupeko auzi bat abiarazi zuen, non diru zuritzea egoizten zitzaion. Hala ere, une honetan Espainiako errege emeritua ez dago ikerketapean.

Zabalik dagoen ikerketa bakarrak errege emerituak abdikatu ostean deliturik egin ote duen ebaztea du helburu. Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio ikerketa hori aurrera eramatea, baina orain arte agertu duen jarreraren arabera, ez dirudi Gorenak horretarako determinazio handia duenik.