argia.eus
INPRIMATU
Bilboko portuan lehergailuak kargatzeari uko egin zion suhiltzailearen aldeko babesak ez du etenik
  • Saudi Arabia helmuga zuen lehergailuz betetako itsasontzi bat prestatzen laguntzeari uko egin zion Bilboko suhiltzaile batek martxoan. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak lau urte arteko kargugabetzea ezarri nahi dio. Interneten zabaldu den babes kanpainak 70.000 sinadura lortu ditu hiru egunetan.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 07a
Bilboko suhiltzaileak (Arg.: EFE)

Bizkaiko Foru Aldundiak espediente bat ireki dio, “bere funtzioak ez betetzeagatik”, eta bi eta lau urte arteko kargugabetzea ezar diezaiokete. Albisteak alderdien, sindikatuen eta, batez ere, sare sozialen erabiltzaileen elkartasuna piztu du. Change.org plataformak babes kanpaina bat abiarazi zuen astelehenean eta hiru egunetan 70.000 sinadura jaso ditu.

Suhiltzaileak, ordea, esan du “harrituta” dagoela bere erabakiak izandako oihartzunarengatik. “Nik ez dut zerikusirik izan kanpainarekin”, adierazi du, “sinadurek Yemeneko jendea laguntzeko helburua balute, hobe”.

Zigorra kentzea eta auziari buruzko azalpenak ematea eskatu diote EH Bildu eta Podemos Euskadi alderdiek Bizkaiko Foru Aldundiari. Lehergailuen kargamentuari buruzko informazioa eskatu du EH Bilduk Espainiako Kongresuan.

“Yemenen gertatzen ari dena badakit, Espainian fabrikatutako armak jaurtitzen dizkiete herritarrei”, aitortu du suhiltzaileak. Martxoaren 13an Bilboko Portutik Itsaso Gorrirantz abiatu behar zen ontzi batean segurtasun laguntzaile moduan egoteko agindu zioten, eta ezetz esan zuen. “Saudi Arabiarentzako lehergailuak zirela jakin nuenean, ez nuen onartu”.