Araban EH Bildu garaile lehenbiziko aldiz

  • EH Bilduk bi legebiltzarkide irabazi ditu 2020ko hauteskundeekin alderatuta, eta beste horrenbeste galdu ditu EAJk. PSEk zituen laurak mantendu ditu eta PPk bat irabazi. Voxek eta Sumarrek bana lortu dituzte, eta Podemosek ez du ordezkaritzarik eskuratu.

Argazkia: EH Bildu Araba

2024ko apirilaren 21an - 22:33
Azken eguneraketa: 2024-04-22 00:01:37

“Araba aldaketan dago. Aldaketa hori aspaldi hasia zegoen eta orain isla elektorala izango du. Zenbateraino? Apirilaren 21ean ikusiko dugu”. Horrela itxi zuen hauteskunde aurreko bere analisia Asier Etxenike soziologoak ARGIAn, EH Bildu eta EAJren arteko lehian zentratuta. Bada, aldaketa sendo gorpuztu dela esan daiteke emaitzak ikusita. EH Bildu sei legebiltzarkidetik zortzira pasa da eta hauteskundeak irabazi ditu lurraldean, 44.652 boz lortuta (%29,44). EAJk bederatzitik zazpira egin du, eta bigarren postura pasa da 40.939 botorekin (%26,99). Bina eserleku irabazi eta galdu dituzte, hortaz, baina botoak ez dituzte soilik elkarren artean trukatu: EH Bilduk Elkarrekin-Podemosetik hartu du bat, eta EAJk galdu duenetako bat PPren poltsikora joan da.

PSE-EEk 2020an erdietsitako legebiltzarkide kopuru bera lortu du, lau, eta hirugarren postuari eutsi dio, baina ozta-ozta, 24.783 botorekin (%16,34). PP izan da postu hori eskuratzekotan egon dena, gora egin baitu eta hiru legebiltzarkidetik laura pasa da. 24.298 boz lortu ditu, %16,02. Ikuskizun zegoen eskuin muturrak 2020an lortutako eserlekua mantenduko zuen edo ez, eta 5.623 botorekin (%3,71 ) berriz ere izango dira Gasteizko Legebiltzarrean. Ikuskizun zegoen baita ere ea ezker konfederaleko bi alderdietakoren batek ordezkaritzarik eskuratuko zuen, 2020an Elkarrekin-Podemosek bi erdietsi ostean. Sumarrek lortu du azkenik Araban bere eserleku bakarra, Voxek baino hogei boto gutxiago eskuratuta (5.603, %3,69). Podemos-Ahal Dugu-Alianza Verde kanpoan geratu da, Gipuzkoan eta Bizkaian bezala Araban (3.644 boto, %2,40).

Bozetan (ia) denak gora, baina ez ehunekoetan

EH Bilduk gorakada handia izan du bozetan, 30.886 bozetik 44.652ra pasa da. Handia ere ehunekoan, baina ez horrenbeste: %24,65tik %29,44ra, ia bost puntu. Komeni da edonola ere, eboluzioa aztertzeko orduan, portzentaiei arreta handiagoa jartzea bozei baino, parte hartzeak nabarmen egin baitu gora, 2020an, pandemiaren testuinguruan, inoizko parte hartzerik baxuena izan ostean. EAJk ere egin du gora bozetan, baina oso gutxi, 937 (40.002tik 40.939ra). Ehunekoan, aldiz, ia bost puntu galdu ditu: bozen %31,93 eskuratu zuen 2020an, %26,99 orain.

PSE-EE 19.414 bototik 24.783ra pasa da, baina bozetan alde handia dena ez da puntu bateko igoerara heltzen ehunekoetan (%15,50tik %16,34ra). PPren gorakada nabarmenagoa izan da bozetan zein ehunekoan: 14.287 bototik 24.298ra, eta %11,40tik %16,02ra. Voxek bozetan gora egin du (4.722tik 5.603ra), baina ehunekoan behera (%3,77tik %3,69ra). Ezker konfederalari dagokionez, 2020an alderdi bakarra aurkeztu zen eta oraingoan bitan banatuta, eta aurreikusten zen moduan bien kalterako izan da. 2020an, 10.054 (%8,03) boto lortu zituen Elkarrekin-Podemosek, eta bi legebiltzarkide eman zizkioten emaitza horiek. 2024an, Sumar eta Podemosen artean 9.247 boz eskuratu dituzte, gutxiago beraz, eta ehunekoan %8,03tik %6,09ra egin dute bien artean. Espazio politiko gisa hartuta, bozetan behera egin duen bakarra da.

Parte hartzea pandemia aurreko parametroetara bueltatu da

2020ko EAEko hauteskunde autonomikoak historia osoan parte hartze txikiena izan zutenak izan ziren, alde handiz: besteak beste, pandemia testuinguruaren eraginez. Bozka eskubidea zuten herritarren %50,31 hurbildu zen hautetsontzietara. Orduko azterketan nabarmendu genuenez, Trebiñuko herritarrak eta boto eskubiderik ez duten arabarrak aintzat hartuta, adinez nagusi ziren herritarren erdiak baino gutxiagok eman zuten botoa. 2024an pandemia aurreko datuetara hurbildu da parte hartzea. Baina orduan beheranzko joera bat irudikatzen zuten datuek: 2009an %65,07ko parte hartzea; 2012an 63,59koa; 2016an %59,74koa. Azken hauteskunde hauetan, aldiz, zertxobait gora egin du parte hartzeak 2016koekin alderatuta: %61.11.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude