argia.eus
INPRIMATU
Araban EAJ garaile, EH Bildu goraldian, Vox legebiltzarrera eta parte hartzea ZIUra
  • EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Voxek legebiltzarkide bana irabazi dute, PPk eta Podemosek bina galdu. Bozetan gora egin duten alderdi bakarrak EH Bildu eta Vox izan dira. Bozka eskubidea duten herritarren %50,31k hartu du parte hauteskundeetan.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko uztailaren 12a

EAJk irabazi ditu berriz EAEko legebiltzarrerako hauteskundeak Araban. Jeltzaleek eserleku bat irabazi eta bederatzi legebiltzarkide izango dituzte hurrengo legealdian, arabarren 40.002 boz jaso ostean (%32,22). EH Bildu hirugarren indarra izatetik bigarren postura pasa da, 30.886 bozekin (%24,88). Legebiltzarkide bat irabazi du, sei eskuratuz. Hirugarren alderdi bozkatuena PSE izan da, 19.414 boz jaso ditu (%15,63) eta EAE osoan irabazi duen eserleku bakarra irabazi du Arabako lurraldean. Legebiltzarkide bat irabazi duen azken alderdia Vox da. Lehen aldiz eskuin muturra EAEko legebiltzarrean ordezkatuta egongo da Araban lortu duen eserleku bakarrarekin, 4.722 boz jasota (%3,80).

PP-Ciudadanos eta Podemosek kolpe handia jaso dute. PP 2016an bigarren alderdi bozkatuena izatetik laugarren postura pasa da, eta bost legebiltzarkide izatetik hirura, Ciudadanosekin koalizioan. Bidean 18.000 boz utzi ditu, erdia baino gehiago, 14.287 jaso ondoren (%11,50). Podemosek, bere aldetik, 14.000 boz eta bi eserleku galdu ditu Araban. 10.054 arabarrek babestu dute Pablo Iglesiasen alderdia (%8,09).

Bozetan denak galtzaile, EH Bildu eta Vox salbu

Eserlekuetatik eta portzentaietatik aparte, boz kopuruei ere erreparatzea argigarria da. 2016ko hauteskundeekin alderatuta EAJk eta PSEk legebiltzarkide bana irabazi dute, baina bozetan behera egin dute. EAJk lau puntu irabazi du boz portzentaian, baina 2.325 boz galdu ditu (42.327tik, 40.002ra). PSEk 2,64 puntu irabazi du portzentaian, eta 75 boz galdu (19.489tik, 19.414ra).

Eserlekuetan, portzentaian eta bozetan gora egin duten alderdi bakarrak EH Bildu eta Vox izan dira. Indar abertzaleak 2016an baino 3.886 boz gehiago jaso du (26.899tik, 30.886ra), eta portzentaian %17,93tik %24,88ra pasa da. Voxek izan du igoerarik handiena boz kopuruan: 2016ko 771 babesak 4.722 bihurtu dira 2020an, horietatik 3.822 Gasteizen. Ehuneko hiruaren langa gainditu du Santiago Abascal arabarrak zuzentzen duen alderdiak, 0,51tik 3,80ra igaroz.

Herritarren erdiak baino gutxiagok bozkatu du

Parte hartzearen amiltzeak azaltzen du irabazi edo galdutako eserlekuen, portzentaien eta kopuruen arteko harreman ezohikoa. Parte hartzeak %10,78an egin du behera. Bozka emateko eskubide duten arabarren %50,31 hurbildu da hautetsontzietara; bestela esanda, aukera zutenen %49,69ak ez du egin. Azken horiei batuz gero migratzaile paperdun baina bozkarako eskubide gabeak, migratzaile papergabeak, eta Trebiñuko herritarrak, luzez dira gehiengo EAEko hauteskunde nagusietan parte hartu ez duten arabar adin nagusiak.