argia.eus
INPRIMATU
Araban badago zikinkeria
  • Zerbait zikina gertatu da Araban, politikari batzuek beren burua arkeologo, filologo batzuek epaile eta zinemazale batzuek zientzialari jotzen dute eta.

Gontzal Fontaneda 2015eko irailaren 30

Baina historia lurpetik ateratzen lan egiten, lan ona egiten dutenei lohia botatzen diete, besterik ez. A!, eta gainera, epaile batzuek ez dute telebista ikusten.

Euskararen historiak jai dauka, baina garrantzitsuena etorkizuna da, euskara “plazara jalgitzea”. Baina Eliseo Gilek, agian Arabako arkeologorik onenak, ezin itxaron dezake. Berak talde bateko zuzendaria zen eta talde hark euskarazko lehen testuak aurkitu zituen, Donemiliagako Glosak baino 800 urte aurrekoagoak. Sei urte luze daramatza auzipean, 2009ko martxoaz geroztik, grafitoak faltsutzea leporatuz Arabako Foru Aldundiak kereilatuta. Zikintzen dutenek inongo frogarik aurkeztu gabe kondenatuta daukate. Hauek Eliseoren erruduna dela egiaztatu gabe, Eliseok frogatu behar bide du bere errugabetasuna. Benetan Araban badago zerbait zikina.

(2007-2011) Xabier Agirreren, (2011-2015) Javier De Andresen eta (2015- ) Ramiro Gonzalezen Aldundiak, adituarena eginez, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoak faltsutzat jo zituen eta Eliseo Gil zuzendari ohia zikindu du. ‘Zientzi Batzorde Aholkulariaren’ txostenetan oinarritu zela esan zuen Aldundiak, baina gezurra da: grafitoak faltsuak zirela ebatzi eta lantaldea bota zuen egunean, 2008ko azaroaren 19an, Aldundira filologo baten txosten bakar bat zegoen sartuta. Beste guztiak geroago iritsi ziren, berandu. Bidenabar, zer da ‘zientzi batzorde’ hori?

Batzorde horretako talde batek txosten bat (aipuak ez dira testuingurutik atera, jatorrizko testuak hementxe ikusten dira) aurkeztu zuen (2008ko abenduaren 3an; beraz, 15 egun berandu). Txosten horretan hauxe baieztatzen du: “aztergai arkeologikoak zuzenean ez berraztertzea erabaki da”. Nola aztertu zituen, bada, belarriz? Hauxe ere dio: Haitzulo batean kronologia aurinaziense nabari batek estalitako sestra musteriense batean (antza zientifikoa ematen du, ezta?) norbaitek kuartzozko ‘rolex’ bat aurkitu duela norbaitek badiosku”. Eliseo Gil zikindu egiten du, besterik ez, Eliseok inoiz ere ez baitu esan aztarnategi paleolitiko batean ‘rolex’ bat aurkitu duenik, erromatarren garaiko euskal idazkunak dituzten pieza batzuk baizik. ‘Rolex’ horren kontua zientifikoa da? Ez, jauna!, film asko ikusi dutela adierazten du. Hori ez da zientzia, burutazioa baizik, zikintzea.

Batzorde horretako filologo batek txosten bat aurkeztu zuen (2008ko abenduaren 3an; beraz, 15 egun berandu). Txostenean, protoeuskarari buruzko teoriak frogatzat aurkeztu ez ezik, (teoriak, inork ere lehenago ez baitzuen III mendeko euskaraz entzun edo irakurri), Eliseo Gil zikintzen ere jarraitzen du, hauxe dioenean: “harrezkero ez zen zientzi arazoa eta oso mota ezberdineko arazo bihurtu zen: poliziarena eta epaitegiarena”. Zientzi arazoa da, bai horixe! Poliziarena eta epaitegiarena da Aldundiak geroago gogoan hartu eta kereila bat jarri zuelako, faltsutzearen batere frogarik gabe. Eta makila bat froga zeukan mutur aurrean: aurkitutako pieza arkeologiko guztiak! Nahikoa zuen gutxi batzuk atzerriko laboratorio trebatu eta inpartzial batera eramatea. Eta honek, zientziak, idazkunei data jartzen dienean, arazoa kito eta nork bere zertara.

Horretarako, epaileak kasua artxiba dezala, 6 urtebete geldirik daramatza eta. Epaitegiek ez omen dute azkarrago ibiltzeko baliabiderik, baina Futbol-ligaren arazoetan arin-arin egiten dute benetan. Zientziara itzultzen, piezak aztertzen, eta horrela eztabaida konpontzen utz diezaiola. Eta honetaz ari garela, epaileak ez du behin ere telebistan ikusi arkeologoek eskuila zein kontuz erabiltzen duten lurra kentzeko? Zer dela eta eman zion baimena zuzendari berriari (‘rolexaren’ txostenaren egilekidea bera, eta gero Aldundiak aztarnategia eman ziona) hondeagailu bat aztarnategian sartzeko eta kendu zituen 6.000 m3 lur hartan agian zegoena suntsitzeko? Harrezkero ez da grafito gehiagorik inola ere agertu. Berriro halabeharra?

Zikinkeria hau garbitzen saiatzeko, grafitoak azterrarazteko asmoz, ostegunetako 20:00etan Aldundiaren aurrean herritarren elkarretaratze bat antolatuta dago, eta denok gonbidatu gara.