argia.eus
INPRIMATU
Arabako zentral eolikoen proiektuak gelditzeko eskatu dute Maeztun
  • Ehunka lagun bildu ziren Arabako Mendialdeko herrian, Arabako Mendiak Aske plataformak deituta. Energia trantsisioa eta biodibertsitatea babestea batera joan behar dutela aldarrikatu dute.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 27a
Argazkia: halabedi.eus

“Maeztuko herriarentzat egun historiko batean, energia ekoizteko zentral eolikoen kokalekuak geldiarazteko aldarrikapenak entzun ziren ibilbide osoan zehar” adierazi dute mobilizazioaren antolatzaileek. Arraia-Maeztuko alkateari eskatu diote Iturrieta mendietan eta Azazetan aurreikusita dauden bi zentral eolikoen aurka egiteko eta “ingurumenaren aldetik babestutako lurralde naturala defendatu dezala”.

Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Aldundiko arduradun politikoei erantzukizunak dituztela gogorarazi diete, eta zentral eolikoak Arabako mendietan eraikitzeko asmoak baztertzea eskatu. Erakundeek aurrera egiteko irregulartasun administratiboak burutzen ari direla ere salatu dute.

Berriztagarriak bai, baina ez horrela

“Energia berriztagarria bai, baina horrela ez. Berriztagarriak biodibertsitatea babestearen aliatuak izan behar dira. Energia-trantsizioa eta biodibertsitatea binomio banaezina dira, eta, beraz, lehena lortzeko helburuarekin bigarrena sakrifikatzea arriskutsua eta guztiz arduragabea da”, laburbildu du bere ikuspuntua Arabako Mendiak Aske elkarteak.