ELA eta LAB sindikatuek deituriko lanuztea da eta “lehenengo probintzia lan-hitzarmena” aldarrikatuko dute. Langileak lau urtez egon dira “baldintza duinak” galdegiten eta ekainean berriro biltzen hasi zirenetik “ez da aurrerapausorik eman”.
Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek lau urte daramatzate “lan-baldintza duinak” galdegiten. Sindikatuek ekainean berpiztu zuten negoziazio-mahaia eta “aurrerapausorik eman ez delako” grebara deitu dute, LAB eta ELAk, urriaren 17an. “Lehenengo probintzia lan-hitzarmena” aldarrikatuko dute oraingoan. Gasteizko Probintzia Enparantzan kontzentrazioa egingo dute, eta arrastian manifestazioa egingo dute 18:00etan, Babesgabeen plazatik irtenda.
Negoziazioa berpiztu zutenetik ez da “negoziaziorako lekurik izan”, eta ugazabaren eskaintza bakarra lanaldiaren eta soldataren ingurukoa da. “Ez da aski, soilik lanaldi eta soldatei buruz mintzatzeak sektorean prekaritatearen betikotzea suposatuko lukeelako”, azaldu du LABek. “Gutxieneko soldataren inguruko lansariez ari gara, gehiegizko partzialtasunaz, urtean 1.784 orduko lanaldiaz, gehiegizko ratioez, langile bakoitzak bere ardurapean dituen erabiltzaileez eta lan osasunaren prebentziorik ezaz.”
Bestalde, administrazioa inplika dadin exijitu dute beharginek, “bereziki Arabako Diputazioa”. Zaintza sektorea “prekaritate huts egoeran dago”, gizarte-politiketako arduradunek “beste alde batera begiratzen duten bitartean”.
Duela bi aste Zaintza Arabak salatu zuen“tratu txarrak” ematen zaizkiela adinekoei. Egoilarrak “baldintza desegokietan” dituztela salatu zuten, eta egoera “oso larritzat” hartu. Egoiliarren “bizi-baldintzak hobetzearren” EH Bilduk ekinaldi multzo bat jaso du Arabako Batzar Nagusietan. Koalizio abertzaleak gogorazi duenez, zahar-etxeetako kideek “langile eskasia” salatu dute. Horren aurrean, EH Bilduk ikuskatzeak eskatzeko mozio bar aurkeztu du eta “Arabako zaintza eredu osoa birplanteatzeko” eskatu dio gobernuari.