argia.eus
INPRIMATU
Arabako zahar egoitza pribatuetako langileei ez zaiela testik egiten salatu dute sindikatuek
  • LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Arabako egoitza pribatuetako langileen –1.000 inguru dira– %5ari eta egoiliarren %40ri baino ez zaizkie oraingoz COVID-19aren probak egin.

2020ko maiatzaren 02a
Caser egoitzan egiten zuen lan apirilaren 23an hildako langileak / Argazkia: Caser

Sindikatuek gaineratu dute egoera "askoz ere larriagoa" dela etxez etxeko laguntza-zerbitzuen kasuan, ez baita batere probarik egin ez langileen ezta erabiltzaileen kasuan ere. Gainera, berrogeialdia pasa eta beharrera itzuli diren hainbat langileri testik ez zaiola egin azaldu dute, Naiz.eus-ek jaso duenez.

Langileek, halaber, Norbere Babeserako Ekipo (NBE) gehiago behar dutela esan dute, kutsatzeak ekiditeko. Arabako zahar egoitzetan hil diren 147 pertsonetatik ia erdia (72) zentro pribatuetako erabiltzaileak ziren, Arabako Diputazioak jakinarazi duenez. Orotara, Araban izandako heriotzen %40 zahar egoitzetan gertatu dira.

Apirilaren 23an egoitza pribatu bateko langile bat hil ostean, Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatuarekin bildu ziren sindikatuak ostegunean. Solak esan zien langileen artean testak egitea ez dagoela bere esku, Osakidetzak kudeatzen dituelako. Dena den, gaineratu du proba horiek egingo direla, Osasun Sailak lehentasuna eman diolako zahar egoitzen sektoreari.