argia.eus
INPRIMATU
Delika2
Arabako shiitake ekologikoa, herrian lan egin eta bizitzeko aukera
  • Ingeniaritza ikasketak egin zituen Txema Perez de Arriba arabarrak, eta urte askoan automobilgintzaren munduan aritu zen lanean. Behin eta berriz pentsamendu batek hartzen zion gogoa, ordea: “Landa eremuan bizitzeko eta lan egiteko proiekturen bat martxan jartzea”, dio. Amurrio aldeko Delika herrian baserria zuten bikotekidearen gurasoek, eta horien jubilazioa Perez de Arribaren kaleratzearekin bat etorri zenean, aukera berri bat ireki zitzaion. “Mahastiak zituzten baserrian, eta horiek eredu ekologikora pasatzeko lanean hasi ginen. Hasieran,  txakolinaren ekoizpena osatzeko ideia izan zen shiitakea ekoizten hastea”, kontatu du. “Osagarri” izateko jaio zen ekoizpen hura, ordea, proiektu nagusi bihurtuko zen denborarekin.

Garazi Zabaleta 2022ko abenduaren 22a

Mahastigintzarekin batera barazki saskiak egiten hastea zen ekoizlearen hasierako asmoa, baina nekazaritza ekologikoko hainbat ikastarotan ohartu zen jarduera horretan hasteko ideiarekin jende asko zegoela, eta beste zerbaiti ekiteak aukera gehiago izan zitzakeela. “Guk ordurako bagenuen perretxikoak kontsumitzeko ohitura, eta shiitakea ere jaten genuen. Horrela bururatu zitzaigun ekoizten hastea”, gogoratzen du. Euskal Herria shiitakea ekoizteko leku aproposa ez zela esaten zioten hasieran askok, baina bera konbentzituta zegoenez, probak egiten hasi zen; hasieran kilo gutxi batzuk, baina, pixkanaka, gero eta gehiago.

Mahastiarekin izan zituzten zenbait arazo medio, duela zortzi urte erabaki zuten shiitake ekoizpenera guztiz jartzea. “Momentu honetan ni naiz proiektuko kide bakarra, baina bikoteak ere asko laguntzen dit, eta lan karga handiarekin gaudenean beste langile bat ere kontratatzen dugu”, azaldu du. Baserriko ukuilua zegoen tokian eraiki zuten shiitakea ekoizteko sala berezia, hezetasun puntu egokia zegoelako bertan. Zigilu ekologikoarekin ari da lanean. “Hasieratik argi nuen ez nuela kontserbagarririk edo antzekorik erabiliko. Perretxikoak jaso eta segituan banatzen ditugunez, ez dugu horien beharrik”, gehitu du. Hilean 350 kilo inguru ekoizten ditu, hurbileko denda ekologikoetan eta hostalaritzan saltzeko.

Sustratua kanpotik ekarri beharra

“Onddoa hazteko sustratu on bat lortzea da prozesuaren zatirik zailena, eta ekologikoan egiteko, gainera, ziurtatutako egurrak behar dituzu”, azaldu du ekoizleak. Sustratua lortzeko zailtasunak medio, momentuz behintzat Pirinio Katalanetatik ekartzen ari dira. “Proiektu polita dute han, bertako basoetatik hartutako egurrean lantzen dute sustratua lau hilabetez, eta ondoren guri bidaltzen”. Ondoren, Delikako baserriko instalazioetan zazpi egunen buruan hazten zaizkie perretxikoak.

Shiitakea freskoan, konfitatuta, kontserba moduan eta krema forman saltzen dute momentuz Delika2en. Aurrera begira, baina, beste modu batzuetan eskaintzea ere bada haien asmoa, deshidratatuta eta hautsean, esaterako. Urteotan izandako erantzunarekin pozik dago ekoizlea. “Pixkanaka bagoaz shiitakearen inguruko kultura sortzen”, dio.