Garoñaren Kontrako Foroak deituta, ehundik gora lagun –tartean hainbat alderdi politikotako ordezkariak– bildu dira Arabako PPren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, arabar popularrek zentralaren aferarekiko agertzen duten zurikeria salatzeko xedez.
Elkarretaratzearen amaieran irakurri duten agirian, Araban Garoñarekiko dagoen erabateko –eta aspaldiko– adostasun sozialaz barre egitea leporatu die Garoñaren Kontrako Foroak herrialdeko PPko kideei, eta batik bat Javier Maroto eta Alfonso Alonsori.
“Garoñaren aurkako hitz arranditsuak darabiltzate, baina gero, praktikan, beren alderdiak Madrilen egiten dituen urratsei bedeinkapena ematen diete”. Urrats horien artean, gogorarazi dute, aurreko legegintzaldiko gehiengo absolutua baliatuz Endesa eta Iberdrolaren –zentralaren ugazabak– mesederako arau eta dekretuak ad hoc sortzea dago, hala nola, berrikiago, Espainiako Diputatuen Kongresuko gehiengoari entzungor egin eta azken unean Garoñaren bizitza luzatzeko maniobrak egitea.
Garoña berriro irekitzeko ahaleginetan dabiltzanei aurre egiteko deialdia egin dute azkenik. Zehazki, argindarra Iberdrola edo Endesarekin kontratatuta dutenei kontratu horiek eten eta bestelako energi eredu bat sustatu nahi duten konpainietara jotzeko eskaria egin dute.