argia.eus
INPRIMATU
Arabako plataformek Abiadura Handiko Trenaren proiektua gelditzea eskatu diete Batzar Nagusiei
  • AHTaren egitasmoaren gaineko mozioa eta honi egindako emendakinak eztabaidatuko dituzte Arabako Batzar Nagusietako talde politiko desberdinek gaur, hilak 17. Abiadura Handiko Trenaren aurkako plataformek testuinguru hori baliatu nahi izan dute proiektua geldiarazi eta inbertsioa gastu sozialera bideratzea eskatzeko. Araban 3.000 milioi eurotik gorako kostua izango du AHTak.

Hala Bedi @halabedi 2020ko uztailaren 17a
Ekainean Ribabellosako osasun zentroaren aurrean egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Hala Bedi)

Gaur, uztailak 17, Osoko Bilkura egingo dute Arabako Batzar Nagusietan eta Abiadura Handiko Trena izango da eztabaidagai nagusietako bat. Arabako Alderdi Popularrak mozioa aurkeztu du “Gasteizekiko abiadura handiko konexioa bizkortzeko beharrari buruz”, gainerako alderdi politikoek PPren mozioari emendakinak aurkeztu dituzte ere.

Testuinguru horretan AHTaren aurkako Arabako plataformek Batzar Nagusiei eskatu diete egitasmoa gelditu eta trenaren inbertsioa gastu sozialetara bideratzeko. Abiadura Handiko Trena arbuiatu eta egungo trenbide-korridoreak hobekuntza egokiekin erabiltzea galdegin diete alderdi desberdinei.

AHTaren aurkako plataformek Europako Kontuen Auzitegiak duela aste batzuk berretsitakoa gogorarazi dute eta egungoa bezalako egoeretan “horrelako proiektuen zentzugabekeria” salatu nahi izan dute. Gobernu desberdinek urteetan osasungintza eta gizarte-zerbitzuak bezalako arloetan murrizketak egin dituzten bitartean AHTa bezalako azpiegituretako aurrekontuak hazi baino ez dira egin.

3.000 milioi euroko kostua

Espainiar Estatua da biztanle bakoitzeko abiadura handiko kilometro gehien dituen estatua; trenaren erabilerari dagokionean, ordea, azken postuan kokatzen da kilometro bakoitzeko bidaiari ratiorik baxuenarekin. Europako garraio Batzordetik jasotako kritikek ere ez dute Espainiar Gobernua geldiarazi eta tren-korridore berriak eraikitzen jarraitzen du “kontu publikoetan egindako gastu izugarria zein ingurumenaren eta lurraldearen aurkako erasoa justifikatzen duen inolako txosten edo azterketarik gabe” adierazi dute Arabako plataformek.

Arabako AHTaren hiru lineen proiektuak ingurumen-inpaktuen ebaluazioaren zain daude. Proiektuak orotara, gain-kosturik ez izatekotan, 3.000 milioi euroko kostua izango du Araban: Burgos-Gasteiz lineak 1452 milioi euro, Gasteizko sarrerak eta honen lurperatzeak 872 milioi euro eta Gasteiz-Iruña lineak 850 milioi euro.