argia.eus
INPRIMATU
Arabako parke eolikoen proiektuaren aurkako bigarren mendi martxa antolatu dute
  • Arabako Mendiak Aske plataformak sei mendi martxa egingo ditu urrira arte, zentral eolikoen eraikuntzaren aurka egiteko. Bigarrena, uztailaren 24an egingo dute Arkamu mendilerroko Axkoeta eta Jokano mendietatik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 21
Iturrietako mendira egindako lehen martxa. Argazkia: Arabako Mendiak Aske

Zentral eolikoen proiektuak Arabako hainbat mendiri eragingo die. Arabako Mendiak Aske plataformak gune horietan sei martxa antolatu ditu urrira arte, eraikuntza planak gelditzea eskatzeko. Bigarren martxa Axkoetatik (Erriberagotia) eta Jokanotik (Kuartango) egingo da, Arkamu mendilerroko Montemayor gailurrera.

“Mehatxatutako natura ondarea ezagutarazteko” asmoaz gain, “enpresa eta agintariek natura guneak babesten dituzten figurak errespetatzen ez dituztela” erakutsi nahi du elkarteak. Arkamu Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da, eta haize-sorgailuak ezartzea debekatuta dagoen arren, hirugarren aldiz eskatu dute bertan zentral eoliko bat eraikitzeko.

"Gure agintarien kasuan, badirudi enpresa pribatuen interesak lehenesten dituztela komunitatearen interesen aurretik”, azaldu dute Arabako Mendiak elkartetik. Gainera, salatu dute enpresek presioa egingo dutela, “erantzuna baiezkoa izan arte” eskaria behar beste aldiz errepikatuz. Eremuen natura balioa ez dute kontuan hartuko.

Izan ere, Arkamu mendia Natura 2000 Sareko naturgune babestua da, eta balio zientifiko edota naturaltzat kalifikatutako gunea da, intereseko habitat katalogatuak dauzkana. Bertan, babestutako hainbat animali espezie daude: sai zuriaren eremu katalogatu kritikoa eta komunitate intereseko hegazti nekrofagoen eremua da Arkamu.

Uztailaren 24ko martxa

Ibilbidea goizeko 9:30etan hasiko da larunbatean, bi irteera puntutatik: Axkoeta (Erriberagoitia) eta Jokano (Kuartango). Lehena, hamaika kilometroko bidea da, eta bigarrena, zortzikoa. Bi orduren bueltan, gutxi gorabehera, Kotorrillo mendiaren magalean batuko dira bi martxak, eta Montemayor mendirako igoera hasiko dute. Bertan, hamaiketakoa egingo dute, eta ondoren, ekitaldi txiki bat daukate prest. Montemayorko tontorrean, Labrazako ordezkariek makila itxurako lekukoa jasoko dute.

Lekuko hori urrira arte egingo diren sei martxetan pasatuko da eskuz esku. Uztailaren 3an Iturrietan egindako lehen ibilbidearen ondoren, Axkoeta eta Jokanotik bira egin eta Labrazan egingo dute hirugarren martxa, abuztuaren 14an. Irailaren 11n Azazetan elkartuko dira, 25ean Cantoblancon eta urriaren 16an Arlaban. Urriaren 23an, manifestazioa antolatu dute Gasteizen.