argia.eus
INPRIMATU
Arabako metalgintzako sindikatuek lau greba egun deitu dituzte
  • Negoziazio mahaia desblokeatzeko asmoz antolatu dituzte greba egunak ELAk, CCOOek, LABek, USOk, ESK-k eta CGTk. Ekainaren 30ean eta irailaren 21ean, 22an eta 23an egingo dituzte lanuzteak.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 22a
SEAren batzar orokorrera eraman zituzten haien aldarriak ekainaren 10ean. Argazkia: LAB Gasteiz.

Maiatzean hiru greba egun deitu zituzten sindikatu berberek, eta ekainaren 30erako eta irailaren 21, 22 eta 23rako deitu dituzte beste lau greba egun. Helburua SEA patronalarekin negoziazio mahaia desblokeatzea da, udako oporren aurretik “pauso ausartagoak” emateko Arabako Metaleko Hitzarmena berritzera bidean.

Sindikatuek adierazi dute patronala konturatu behar dela “bere jarrera mugitu behar duela eta aitortu behar duela egiten dituen planteamenduak ez direla nahikoak”, eta gainera sektorearen beharrei erantzuten ez diotela eta ez datozela bat plantillek sortutako aberastasunekin.

Greben aurreko proposamena

Sindikatuek jakinarazi dutenez, ekainaren 29a aurretik bilera bat eskatuko diote SEAri. Patronalari eskatzen diote “benetako proposamenak” egitea urteko lanaldia murrizteko, malgutasuna mugatzeko eta KPIaren araberako igoerak eta subrogazio zabala bermatzeko.

Hemen LAB-ek argitaratutako testua sindikatu guztien izenean.

Maiatzaren 18ko Arabako manifestazioa. Argazkia: LAB.

Bizkaiko metala ere, hitzarmen duin baten defentsan

Bizkaiko metalgintza sektorean ere greba egingo dute hiru egunez, hala jakinarazi zuten ekainaren 9an ELA, LAB, ESK, USO, CNT, CGT, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek. Zehazki ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean egingo dituzte lanuzteak. Helburua: patronalak ezarritako "blokeoa" gainditzea, hitzarmen duina lortzeko. Grebaz gain, ekainaren 13an mobilizazioa egin zuten Barakaldoko BECen Makina Erremintaren Bienala zela probestuz.