argia.eus
INPRIMATU
Arabako metalgintzako grebak bertan behera utzi dituzte, aurreakordioa lortuta
  • Irailaren 21, 22 eta 23rako zegoen deituta greba, baina SEO patronalarekin aurreakordioa lortu dute LAB, UGT, CCOO sindikatuek. ELAk ez du onartu proposamena, ez dituelako “gutxiengo helburuak” betetzen.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 19a
Maiatzaren 18an metaleko langileek eginiko mobilizazioa. / Argazkia: LAB.

Arabako metalgintzako 25.000 langile ingururi eragingo die hitzarmen kolektiboak, eta SEA patronalarekin adostutako aurreakordioa garrantzitsua dela azpimarratu dute LAB, UGT eta CCOO sindikatuek. "Ia 20 urtetik erorita zegoen eragin osoko hitzarmena berreskuratu dugu", gogorarazi du LABek. Hainbat hobekuntza lortu dituzte, sindikatuen esanetan egindako greba eta mobilizazioei esker. ELAk, halere, gogor kritikatu du hitzarmena, esanez ez dela "gutxiengo helburuetara" iristen, eta greba egunak mantendu izan balira gehiago eskuratuko zutela.

Soldata igoera honela adostu dute: 2021ean %2 kategoria baxuenentzat (18.000 eurotik behera) eta %1,5 besteentzat (18.000 eurotik gora); 2022an %6,5; 2023an %3; 2024an %2,5; eta 2025ean %2. Urte horretara arte izango da ituna, eta iraungitakoan KPIaren berrikuspena egitea aurreikusi dute. Antzinatasuna ere igoerei lotuta egotea adostu dute (izoztuta dago 2018tik). ELAren esanetan, ordea, soldata igoerak langileen gutxiengoari eragingo dio: "Igoera horiek metalaren taulei bakarrik aplikatzen zaizkie, beraz, gutxiengo bati. Langile gehien-gehienek ez dute soldata hobekuntzarik izango".

Ondorengo hobekuntza hauek ere izango dituzte: ultraktibitate mugagabea; inaplikazio klausula; 8 orduko jardunaldi jaitsiera; izatezko bikote eta bikote ezkonduen berdintzea baimenetan, medikurako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea (orain arte soilik Osakidetzarako ziren) eta baimen motzetan lehen eguna lan eguna izan beharra jasota egotea testuan; ABLE-etan (aldi baterako lan enpresak) lan egindako denborak antzinatasunean ere eragina izatea; subrogazioan Bizkaiko klausulari zuntz optikoa eta telefono linearen instalazio eta mantentzera zabaltzea.

Gainera, hitzarmen berriak jasotzen du berdintasun batzordea egotea, non LGTBI+ kolektiboak ikusgarritasuna izango duen. Halaber, laneko jatorria duten Aldi Baterako Ezintasunetan osagaiak %100 izatea lehen egunetik Soldata Errealetan.