argia.eus
INPRIMATU
Arabako metalgintza ituna berritzeko akordiorik ez dute adostu
  • Sindikatuek irailaren 21erako 22rako eta 23rako egindako greba deialdiak mantenduak dira. SEA patronalaren jarrera salatu du ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek osatutako plataformak.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 08a
Maiatzaren 26ko greba eguna kari Gasteizen egindako manifestazioa (Irudia: LAB)

ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek osatutako plataformak salatu du auzia konpontzeko jarrerarik gabe iritsi dela SEA patronala irailaren 8 honetan egindako bilerara. Bi aldeen arteko akordioa ekarriko lukeen proposamenik ez du egin patronalak eta Arabako metalgintza ituna berritzeko akordioarik ez dute oraindik adostu. "Gaur gaurkoz, eta bileretan lau urte badaramazkigu ere, lan orduen jaitsiera ez dago mahai gainean oraindik, Hego Euskal Herriko altuena izan arren. KPIa ere ez dago bermatuta hitzarmenaren indarraldiaren bitartean", dio LAB sindikatuak. Lan orduen jaitsieraz hitz egin badute ere, idatziz ez dago ezer proposaturik patronalaren partetik. Orokorrean, proposamenak idatziz aurkeztea eskatu diote sindikatuek SEAri.

Oro har, aitzinamendu batzuk baldin badira ere, "txikiak" direla diote langile sindikatuek. Hori horrela, aurretik finkatu protestak mantendu dituzte: irailaren 21, 22 eta 23an greba eginen dute, lan baldintza duinak segurtatuko dituen "akordio duin" baten aldarrikatzeko.