argia.eus
INPRIMATU
Arabako Mendiak Askek elkarretaratzea deitu du Agurainen abenduaren 21erako
  • Abenduaren 21ean energia berriztagarriei buruzko informazio-bilera egingo du Arabako Foru Aldundiko Iraunkortasuna, Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak Aguraingo udaletxean, eta bertara gonbidatu ditu Arabako Lautadako Kuadrillako udaletako eta administrazio-batzarretako ordezkariak. Honen aurrean protesta egiteko, elkarretaratzea deitu du Arabako Mendiak Askek, "sail honen zentzugabekeria salatzeko, zeinaren diputatu Amaia Barredo ingurumen fiskalak inputatuta baitu". Gogorarazi dute makroproiektu eolikoek ukitutako herriek "bat egin dutela kolpe autoritarioz ezarri nahi duten zentral eoliko eta fotovoltaikoen ereduaren aurka" eta eskatu dute "kontzejuek eta udalek horri buruz hartu dituzten erabakiak errespetatzeko".

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 19a

Arabako Mendiak Askek hedabideetara bidali duen oharrean iragarri du elkarretaratzea egingo duela Aguraingo udaletxearen aurrean, abenduaren 21ean, 16:45ean. Protesta honen iturria Arabako Foru Aldundiak energia berriztagarriei buruz udalei dei egin dien bilera informatiboa da.

Arabako Lautadako Kuadrillako herritarrak deitu dituzte "gure bizitzarekin zerikusirik ez duten eta energia-enpresen mozkin-irrika asetzea helburu duten politika horien aurka agertzera".