argia.eus
INPRIMATU
Arabako Mendiak Askek bide judiziala abiatu du eta salatu du Azazetako proiektuan Aixeindar enpresak “lege-iruzurra” egin duela
  • Arabako Mendiak Askek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du EAEko Auzitegi Nagusian, Azazeta Parke Eolikoaren proiektuaren aldez aurreko administrazio-baimenaren aurka. Horrez gain, Aixeindar SA enpresa sustatzailearen "lege-iruzurra" salatu du, "Laminoriako eta Azazetako zentral eolikoak bi zentral independente gisa proposatu zituelako".

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 31
Zentral eolikoen Arabako proiektuen mapa, Arabako Mendiak Askek egina. Tartean ikus daitezke, elkarren segidan dauden Azazeta eta Laminoriakoak.

Arabako Mendiak Askek bide judizialera jo du "Azazetako zentral eolikoaren proiektuak eragindako habitatak eta espazioak babesten saiatzeko". Zehazki, 2023ko abenduaren 26an, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2023ko urriaren 24ko Ebazpenaren aurka. Ebazpen horren bidez, aldez aurreko administrazio-baimena eman zion Jaurlaritzak Azazeta Parke Eolikoaren proiektuari. Proiektu hau Aixeindar SA enpresak sustatua da eta herri hauei eragiten die: Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga.

Prozesu judiziala finantzatzeko diru biltzea abiatuko duela iragarri du: "elkartekook ez dugu amore emango gure ahaleginean, eta lanean jarraituko dugu gure herriak eta gure lurra ez suntsitzeko, gure bizilagunak sentsibilizatuz eta erakunde arduradunei asmo txar hori geldiarazteko eskatuz".

"Aixeindar SA enpresak lege-iruzurra egin du Azazetako eta Laminoriako zentral eolikoak bi zentral independente gisa proposatuta"

Era berean, Arabako Mendiak Askek salatu du "Aixeindar SA enpresak, zentral eoliko errekurrituaren proiektua sustatzen duenak, lege-iruzurra egiten duela Azazetako eta Laminoriako zentral eolikoak bi zentral independente gisa proposatzen dituenean". Proiektu bakoitzean 8 aerosorgailu ezarri nahi dituzte, eta proiektu bakoitzak 40 MW-ko potentzia izango luke. Arabako Mendiak Askek oroitarazi du bi proiektuak mendilerro menditsu berean kokatuta daudela eta bien artean dagoen tartea gutxienekoa dela. "Zalantzarik gabe, enpresa sustatzailearen estrategia latza da, ingurumen-araudiak 16 errotako zentral eolikorako ezartzen dituen eskakizunak saihesteko; hori agerian geratzen da, ikusita bi proiektuek ebakuazio-azpiegitura berberak partekatzen dituztela proposatutako Transformazio Zentroraino".

"Administrazioek ekosistema natural eta sozialak babestu beharrean, energia korporazio handien neurrira aldatzen dute legea"

Arabako Mendiak Askek zabaldu duen oharrean zera salatu du: "Azken urteotan, Araban megaproiektu eoliko eta fotovoltaiko ugari bizi izan ditugu, eta, gauzatuz gero, balio handiko eremu naturalen industrializazioa eta pribatizazioa ez ezik (horrek berekin ekarriko luke biodibertsitatearen galera atzeraezina), landa-eremuen degradazio nabarmena ere ekarriko luke. (...) Megaproiektu horiek oligopolioaren korporazio handiek sustatzen dituzte; gehienek paradisu fiskaletan dituzte interesak, eta batzuek ustelkeria-bilbeekin dute zerikusia, eta administrazio eskudunen baiezko akritikoa eta konplizea dute. Administrazio horiek, gaur egun arte Euskal Herrian bizirik iraun duten azken ekosistema natural eta sozialak babestu beharrean, megaproiektu horien aurrerabideari amore ematera mugatzen dira, energia-korporazio handien 'neurrirako' arau-aldaketak sustatuz, hala nola Tapia Legea edo Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea, izapidetze-fasean dagoena".

Honen guztiaren aurrean, Arabako Mendiak Askek "eredu aldaketa" eskatu du: "Berotze globalaren ondorioak minimizatuko dituzten irtenbideak bilatzeko, planetako biodibertsitatea eta gure lurraldeko ingurune natural eta sozialarekiko bateragarritasuna bermatu behar dira nahitaez. Hori ez da bideragarria inposatu nahi diguten trantsizio energetikoaren ereduarekin, zeina elektrizitatea ekoizteko energia berriztagarrien makroinstalazioetan oinarritzen baita, eta, bestalde, aparteko materialak behar baititu. Horregatik, beharrezkoa da energia-eredua aldatzera behartzea, kontsumo faltsua murrizteko eta hazkunde eta estraktibismoa ekonomiaren oinarri gisa uzteko".