argia.eus
INPRIMATU
Arabako Mendiak Aske plataformak sei martxa antolatu ditu, zentral eolikoen aurka
  • Uda guztian zehar eginen dituzte ibilaldiak: uztailaren 3an Iturrietako Mendiak, 24an Arkamu, abuztuaren 14an Labraza, irailaren 11n Azazeta, 25ean Cantoblanco eta urriaren 16an Arlaban. Manifestazio bat ere dute finkaturik urriaren 23rako, Gasteizen.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 24a

Araban martxan diren sei proiektu eolikoen aurkako ahotsa entzunarazten dabil Arabako Mendiak Aske plataforma, tartean, "Babestu maite duzun mendia" dinamikaren bidez. Aldi honetan, mendi martxak antolatu ditu: uztailaren 3an Iturrietako Mendiak, 24an Arkamu, abuztuaren 14an Labraza, irailaren 11n Azazeta, 25ean Cantoblanco eta urriaren 16an Arlaban.

Oraingoz, sei proiektu eoliko daude martxan –fase batean edo bestean– Arabako mendietan, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren zein hainbat enpresa pribaturen eskutik.

Mendi martxen bidez horra plataformaren helburua: "Sakrifikatu nahi den ondarearen balio naturala, paisajistikoa eta kulturala nabarmendu eta bertatik bertara ezagutarazi".

Manifestazioa urriaren 23an

Manifestazioa egingo dute urriaren 23an Gasteizen. Martxa batetik bestera, Korrikaren lekukoaren gisara helaraziko duten makila bertara eramanen dutela zehaztu dute antolatzaileek.

Biodibertsitatearen babesa eta trantsizio ekologikoa eskuz-esku joan behar direla dio Arabako Mendiak Aske plataformak; gehituz, bata lehenesteko bestea sakrifikatzeak ez duela zentzurik.