argia.eus
INPRIMATU
Arabako makroproiektuen aurkako manifestazioa antolatu dute hainbat mugimendu herritarrek
  • Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez Araba, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Arratzua-Ubarrundiako Proiektu honi ez! mugimenduek Araba Bizirik! manifestua aurkeztu zuten iragan astean. Egun Araban aurreikusita dauden proiektuak gelditzeko eskatu dute, eta bestelako energia eta lurralde antolaketa eredu baten alde egiteko.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 19a

Arabak azken urteotan “hainbat eraso” jaso dituela iritzi diote lau mugimenduek, lau azpimarratuz. Lehenik, gune menditsuetan proiektatu diren zentral eolikoak, “non ekosistemarik aberats eta bioaniztunenak mantentzen diren”: bigarrenik, parke erraldoi fotovoltaikoak, “arriskuan jartzen dituztenak bertako nekazaritza eta abeltzaintza jardueren jarraipena”; hirugarrenik, nekazaritza industrialaren areagotzea, “tokiko eta ekoizpen ez-intentsiboko produktuen kontsumoan egindako ahalegin guztiak urratuz”; azkenik, AHTa, egungo trenbide sarearen paraleloan aurreikusten dena, “eta eragin natural, sozial eta ekonomiko neurrigabea duena”.

Arriskuak eta argudio faltsuak

Egitasmo horiek guztiek “arrisku”ugari eta askotarikoak dakartzatela salatu zuten mugimenduek prentsaurrekoan. Landa eremuetako bizimodua eraldatuko lukeela uste dute, eta zehazki tamaina txikiko esplotazioetan oinarritutako nekazaritza eta abeltzaintza eredu “jasangarria” kaltetuko luketela. Arabaren egituraketa politikoari ere eragiten dietela salatu dute, besteak beste herrien eta kontzejuen subiranotasun galera lekarketelako, eta baita mendien jabetza publikoarena ere. Proiektuek natur eremu bereziki aberatsei eragingo lioketela azpimarratu dute, eta kalteak “berreskuraezinak” liratekeela.

Erakunde publikoak eta enpresa handiak jarri dituzte beren kritiken erdigunean manifestuaren sinatzaileek. Proiektuen ustezko onurak defendatzeko argudio “engainagarriak” ematen dituztela salatu dute, helburua egiazki “diru publikoko kopuru handiak eta Next Generation EU programaren barruan dauden Europako laguntzak” eskuratzea denean.

Proiektuen etetea

Hori guztia kontutan hartuta, hainbat eskaera egin dituzte lau mugimenduek. Egun aurreikusita dauden proiektuak gelditzea eskatu dute lehenik eta behin, “eta biodibertsitatearen benetako babesean eta errespetuan oinarritutako Lurralde Plan Sektorialak garatzea”. Horrekin lotuta, energia ekoizteko zentralak mendi eta nekazaritza eremuetan ezartzeko aukera debekatzea ere exijitu dute, “Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideek (LAJ) argi adierazten duten bezala”. Lurraldea antolatzeko moduari dagokionez, herri eta kontzejuen subiranotasuna errespetatu eta indartzea nahi dute. Bestelako energia eredu bat garatzaren alde azaldu dira, baina ez egiten ari den moduan: “Ekoizpen zabaldua oinarri duen energia eredu bat, deskarbonizazioa eta energia berriztagarrien garapena sustatzen duena, soziala, eta biodibertsitatea benetan errespetatzen duena”.

Hilaren 23an, manifestazioa

Aldarrikapen horien defentsan manifestazioa antolatu dute Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez Araba, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Arratzua-Ubarrundiako Proiektu honi ez! mugimenduek, eta herritarrei dei egin diete bertaratzera: “Hiriak beharrezkoak ditu landa ingurunea eta ingurune naturala, eta horiek arriskuan daude orain. Indarrak batu ditzagun bere defentsan”.