argia.eus
INPRIMATU
Arabako Mahastiak sor-markaren kontrako helegitea ontzat jo du Auzitegi Nagusiak
  • Arabako Errioxako ardogileek euren izendapena izateko bidea judizialki eten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu araultzaileak jarritako helegitea babestu ondoren. Hala, ezin izango dute Arabako Mahastiak sor-marka erregistratu. Nolanahi ere, Arabako upategiek marka-bereizgarri bat aurkeztu berri dute, "A" sinboloa duena.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 07a
Arabako Errioxako Upategien Elkarteak, ABRAk, irailean mahats-bilketaren jaiak egindako agerraldia. ABRA

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu araultzaileari, eta Arabako Mahastiak sor-markaren kontra jarritako helegitea onartu du.

EiTBk aurreratu duenez, ostiralean emango dituzte xehetasun gehiago, baina ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak euren sor-marka sortzeko asmoari atea itxi dio oraingoz epai horrek.

Besteak beste, euskal hedabide publikoak aipatzen duenez kontsumitzaileentzat "nahasgarria" izan daitekeelako onartu du helegitea auzitegiak, eremu geografiko berean "bi jatorri izendapeneko ardoak" egotea lekarkeelako.

Arabako ardogintza "krisi larrian" dagoela ohartazi zuen ABRAk pasa den irailean, Moredan egindako mahats bilketaren ospakizunean. Itxaso Compañon ardogile eta elkarteko presidenteak ARGIAri azaldu zionez "urteak dira erakundeek ezarritako gutxienekotik behera ordaintzen zaiela mahatsa nekazariei". Compañonek upategi txikien eta handien arteko eredu kontrajarrian jarri zuen azpimarra.

Bestalde, ABRAk iragarri zuen Arabako Mahastiak sor-markarekiko bide "paralelo" berri bat jarriko duela martxan, kontsumitzaileek jakin dezaten Arabako ardoa dela aurrean duena, eta zein eredu duen atzean. Hala, marka-bereizgarri bat aurkeztu dute, "A" sinboloa erabilita.