argia.eus
INPRIMATU
Arabako Lautadan osasun zentroak ixten ari zaizkiela salatu dute
  • Arabako Lautadako biztanleek 1.614 sinadura aurkeztu dituzte Jaurlaritzan uztailaren 4an, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzenduta. Eskualdean mediku eta pediatra falta dagoela salatu dute eta ondorioz, zentro txikienetan itxaron zerrendak asko luzatzen direla, larrialdi zerbitzuak eteten direla eta kontsultak egun askotan itxita daudela.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 05

Bertako biztanleek azaldu dutenez, Arabako Lautadak 4 osasun zentro ditu: Ozaeta, Araia, Alegria-Dulantzi eta Agurainen. Hauetatik, pediatria zerbitzuko langileak partekatzen dituzte Alegria-Dulantzi, Ozaeta eta Araiako zentroek. "Pediatra falta" salatu dute eta "bajak, oporrak eta abar ez direla betetzen" eta ondorioz, herritarrek Agurainera joan behar izaten dutela pediatrarengana.

Lehen mailako arreta falta Agurainen

Aguraingo osasun zentroan hiru mediku izatetik bakarra izatera pasa direla salatu dute: "Ondorioz, udalerri horretan ez da zerbitzu egokirik eskaintzen ari". Aguraingo "arreta falta" hori estaltzeko, gainerako zentroetako medikuek astean zenbait egunetan kontsulta emateari uzten diotela azaldu dute, Agurainen zerbitzua emateko. Ohartarazi dutenez, "horrek ondorio latzak dakarzkie Lautadako bizilagunei, hala nola herritarrei arretarik ez ematea, aurrez aurreko hitzorduak astebetera ematea, asteburuetan zentro txikienetan larrialdirik ez izatea...".

Arabako Lautadako biztanleek haserrea adierazi dute eta Jaurlaritzako Osasun sailari eskatu diote "osasun egoera tamalgarri hau berehala konpontzeko".

Twitterren @ekofeminista-k zabaldutako argazki honek erakusten du zenbat eta zenbat egunetan egongo den Aguraingo osasun zentroa itxita: