Kontzejuak Arabako herrietan dauden herri-batzarrak dira, sustrai zaharrekoak, eta tokiko administrazioren alerik txikienak. Udalerri batek, normalean, hainbat kontzeju edo herri-batzar biltzen ditu bere baitan, eta gaur egun, 300 baino gehiago dago Araban.
Kontzejuak Arabako herrietan dauden herri-batzarrak dira, sustrai zaharrekoak, eta tokiko administrazioren alerik txikienak. Udalerri batek, normalean, hainbat kontzeju edo herri-batzar biltzen ditu bere baitan, eta gaur egun, 300 baino gehiago dago Araban.
Herritarrek, kontzejuetan bilduta, herriko premiak eta asmoak plazaratzen, eztabaidatzen eta bideratzen dituzte. Herri-batzarrak diren aldetik, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira; demokrazia zuzenaren ale preziatuak, alegia.
Kontzejuei dagozkien ahalmenak udalerri mailakoen azpikoak dira: herriko ondasun eta eskubideak kudeatzen eta babesten dituzte, eta zenbait zerbitzu publiko ematea ere beren gain dute; adibidez, ur-hornikuntzarena.
Baina, herri-batzar horiek arazoak dituzte osasuntsu bizirauteko.
"Herri-batzarrak diren aldetik, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira; demokrazia zuzenaren ale preziatuak, alegia."
Oztopo mota bat finantzazioaren prekarietatea da. Izan ere, kontzejuen berezko diru-sarrerak mugatuak izaten dira, eta FOFEL funtsaren bitartez Foru Aldunditik ofizioz jasotzen den dirua ez da nahikoa izaten herriek dituzten premiak asetzeko. Hortik aurrera gelditzen diren beharrei aurre egin ahal izateko, diru-laguntzetarako deialdi korapilatsuetara jo behar izaten da, eta inoiz ez da ziur azkenean dirurik jasoko ote den ala ez. Diru faltaren mehatxua beti presente eta, ondorioz, urteko zereginak ongi planifikatzea ezinezko.
Bestea arazo potoloa kudeaketaren konplexutasunarena eta teknifikazioarena da. Edozeren gainetik ziurtasuna bilatzen duen egungo sistema garantista honetan, mota guztietako izapideak gero eta korapilatsuagoak dira, gero eta teknifikatuagoak. Eta herriak ez daude horretako ongi prestatuta; ez dute baliabide teknologiko egokirik, ezta soldatapeko langilerik ere. Herriko lan gehienak musu-truk egiten dira; batzuk biztanleek auzolanean buruturik.
Kontzejuetan egongo dira bestelako oztopo, arazo eta gabezia batzuk ere, dudarik gabe, baina finantzabide segururik ezak eta giza baliabideren eskasiak itota, Arabako herri-batzarrak ataka gaiztoan daude.
Artikulu hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.