Arabako Zaballa eta Langraitz kartzeletako bizi baldintza latzak eman ditu aditzera Salhaketak. Txosten bat plazaratu dute egoera salatzeko, besteak beste azken urtean lau preso hil baitira “modu ezohikoan”.
2012ko maiatzetik hona lau preso hil dira Zaballan, bi kartzelan bertan eta beste bi ospitalean. Espainiako Gobernuak datuak ezkutatu dituela salatu du elkarteak, izan ere, Salhaketaren arabera heriotzak ez dituzte momentuan iragarri edota ez dute tratamenduaren berri eman. Gogoratu dute 2009tik 35 pertsona baino gehiago hil direla Hego Euskal Herriko kartzeletan.
Ziega eta moduluetako baldintzak kaskarrak dira Salhaketaren ustez. Presoak pilatu egiten dituzte, bi modulu hutsik mantentzen dituzten bitartean. Kolektiboak azpimarratu du gela bakoitzean pertsona bakarrak egon beharko lukeela, eta gaur egun bi izaten direla.
Halaber, emakume presoen bizimodua bereziki larria dela ohartarazi dute. Espetxe sistema osoa gizonezkoentzat pentsatua eta antolatua dago, Salhaketaren arabera. Gixane Moragues bozeramaileak azaldu du gizartea bera matxista bada, kartzelan egoera areagotu egiten dela. Batez ere, arreta medikoari dagokionez. Erizaindegian, emakumeentzako gelak gizonezkoek betetzen dituzte eta emakumeak bakartze ziegetara eramaten dira, “ezkutuko lehen graduko egoera” batera. Oinarrizko higienerako baliabideak falta dituztela ere salatu du kolektiboak.
Hemen Salhaketak plazaratutako txostena pdf formatuan