argia.eus
INPRIMATU
Prebarikazioagatik ikertzen ari dira Arabako Ingurumen diputatu berria
  • Larramendiko Arnasa plataforma ekologistak salatu zuen Amaia Barredo jeltzalea, hondakinak errausteko proiektu bat Bergarako Udalaren irizpidearen aurka baimentzeagatik.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 06a
Amaia Barredo, eskubian lehenengoa, foru gobernu berriaren lehenengo bileran. Argazkia: Arabako Foru Aldundia.

Arabako Ingurumen diputatu berria, Amaia Barredo, ikerketapean dago, Ingurumen Kalitatezko zuzendaria den Javier Agirrerekin batera. Larramendiko Arnasa plataforma ekologistaren salaketaren harira dator ikerketa. Valogreene Paper enpresak paper lantegien hondakinak hartu eta pirolisi bidez erreko lituzkeen  fabrika jarri nahi du Bergaran, eta plataformak salatzen du erraustegia eraikitzea litzatekeela hori. Bergarako Udalak baimena eman zion proiektuari hasiera batean, baina atzera bota zuen ondoren, enpresak aldaketa garrantzitsuak egin zituela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak, ordea, proiektua baimendu zuen, udalaren erabakia kontuan hartu gabe. Udalaren txosten negatiboaren aurrean Jaurlaritzak proiektua artxibatu behar zuela uste du herri plataformak. ARGIAk elkarrizketa egin zion 2022ko maiatzean Larramendiko Arnasako kide Piter Encinasi.

Fiskaltza eta Eusko Jaurlaritzako Batzorde Etikoa kasua ikertzen ari dira. Epaitegiak oraindik ez du salaketari buruzko erabakirik hartu. Prebarikazio administratiboak ez du espetxe zigorrik ekartzen, kargugabetzea eta inhabilitazioa baizik. Jakinaren gainean, bidegabeko ebazpenak eman direla esan nahi du, baina diru publikoaren desbideratzerik ez.

Ahaldun nagusiaren babesa

Elkarrekin Arabak, Batzar Nagusietan, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezen “premiazko” agerraldia eskatu du, Barredoren izendatzeari buruzko azalpenak emateko. "Akusazio larriak dira, prebarikazioagatik, ingurumen arloarekin zerikusia duen proiektu baten aurrean, eta orain hori da gakoa. Akusazioa egia balitz, argi geratuko litzateke ez dela gai kargu publiko bat betetzeko, baina are gutxiago ingurumenari dagokionez", adierazi du David Rodríguez bozeramaileak.

Gonzálezek adierazi du “erabat sinetsita” dagoela salaketa artxibatuko dela, eta Barredorengan “konfiantza” duela.