argia.eus
INPRIMATU
Arabako igerilekuetako langileak: “Lana eduki arren behartsuak gara soldata honekin”
  • Greban dira uztailaren 21etik 31ra Arabako igerilekuez arduratzen diren sorosle, monitore, azpiegituren kontrolatzaile eta begiraleak. Lan baldintzak hobetzea eskatu diete Udalari, Diputazioari eta enpresa arduradunei.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 26a

Langileek egoeraren larritasunaren erantzuletzat dituzte Udala eta Diputazioa, gutxien ordaintzen duten enpresak kontratatzeagatik. Disport, Eki eta Aiteko enpresek hitzarmena ez dutela betetzen salatu dute.

Lau sektoretan banatuta daude langileak eta patronalak egin duen proposamenean sektoreen arteko desorekak areagotu ditu. Ibon izeneko langileak esan digunez, zein sektore dagoen mobilizatuen begiratu du patronalak, eta horren arabera egin ditu proposamenak, langileen arteko desadostasunak bilatzeko asmoz. Edonola ere, ez dute begi onez ikusi patronalaren proposamena eta greba mantentzea erabaki dute.    

Ordua 6,22 euroan kobratzen dutela jakinarazi dute langileek, “lana eduki arren behartsuak gara soldata honekin”. Gainera, azken zortzi urteetan soldata izoztua eduki dute, eta ondorioz %9 jaitsi da eros ahalmena.

Eguraldiaren arabera egiten dute lan, eta horrek soldatak are baxuagoak izatea ekartzen du. “Guardian” dauden egun horietan gutxieneko soldata kobratzea eskatzen dute ere.

Elkartasun keinu ugari jasotzen ari direla jakinarazi digute, adibidez, Gasteizko Blusa eta Nesken aldetik edo Errekaleorren aldetik. Gamarrako piketeetan parte hartzen duten sorosleei adibidez, Gasteizeko bizilagun ugari hurbiltzen zaizkiela adierazi digute, “elkartasuna erakustera eta borrokaldian jarraitzeko animatuz”.

ELA, LAB eta CCOOk deitu dute greba, baina langile guztiak batzen dituen Actividades Deportivas en Lucha plataformaren bidez ari dira garatzen ekimenak.